2018(e)ko maiatzaren 17(a), osteguna





LIMOIAK ETA ELEKTRIZITATEA

Zuriñe AZPARREN




Helburua

- Limoiekin elektrizitatea ekoitzi daitekeela egiaztatzea.
- “Limoi pila” bat egitea.






Oinarri teorikoa

Guztiok ezagutzen dugun bezala, elektrizitatea kableetatik doa. Gure etxean bertan ikusi dezakegu horri esker gailuak funtzionatzea eragiten duela. Hala nola; mugikorraren kargagailua, telebista, berogailua eta abar.

Orain bera produzituko dugu. Hainbat erreakzio kimikok elektrizitatea bermatzen dute, eta horrekin bat elektrizitateak ere eragiten du erreakzio asko sortzea.


Elektrizitatea elektroi-fluxuaren ondorioa da, tentsio (V) bat bezala agertzen dena. Fisikan elektrizitatearekiko asko erabiltzen den formula: Ohm-en legea.



  • I ⇒ Intentsitatea (A)
  • V ⇒ Tentsioa (V)
  • R ⇒ Erresistentzia (Ω)

Energia sortu ahal izateko, energi iturri bat eta zirkuitu bat egon behar da.
Hau sortzeko zitriko bat erabiltzerakoan (frutetan aurkitzen den azidoa), elektrizitatearen erregelak berdinak izango dira.

Esperimentuan zitriko bat erabiliz, zirkuituko osagaietan azidoa den fruta sartzen da; gure kasuan hauek izango dira beharrezko materialak: limoia, kable elektrikoa, bi elementu metaliko desberdin eta bonbila txikiak.


Limoiak pila eta elektrizitate iturri bezala jokatuko du zirkuitu honetan.

Sarritan erakustaldi honetan erabilitako bi metalak zinka eta kobrea dira.
Limoi zuku garratzak bi metal hauen kantitate txikiak desegin ditu eta bere elektroiek beste batzuekiko erreakzionatzen dute. Negatiboki kargatutako ioiak kableen bitartez jariatzen dira, korronte elektrikoa sortuz (elektrizitatea elektroien mugimendua da). Erakustaldi hau etenik gabeko zirkuitu itxia da, energia iturritik berriro itzuli arte ibiltzea elektroiek baimendutakoa.

Begi-bistan, ematen du zirkuitu honetarako ezinbestekoa den osagaia, bateria, falta dela. Limoiak, zinka eta kobrearekin batera, bateria osatuko du. Bateria bi metalez eta elektrolito batez osatzen da; hor betetzen du bere tokia limoi-zukuak. 

Ondorioz
Metal pare bat alanbreekin konektatzen denean, soluzio gidaria tartean jarriz, elektroiak alanbre baten bitartez metal batetik bestera jariatzen dira. Limoiaren kasuan, haren zukua da soluzio gidaria, metala oxidatzen da (elektroiak galdu) eta disolbatutako metalaren katioiak erreduzitzen dira (elektroiak irabazi):



Materiala eta erreaktiboak 

  • Limoi pilarako:
a) 5 edo 6 limoi.

Zukua ateratzekoa, erlenmeyer matratzea, iragazpapera, labana bat.

b)  Material elektrikoa: zenbait kable, iltzeak, kobre-piezak, led bonbilak, nikel alanbrea, torlojuak, bolimetro bat.


  • Limoiaren azidotasuna eta pH-a zehazteko:
a) NaOH 0,1 M
b) Limoi zukua.
c) Fenoftaleina (1%), indikatzaile natural bat ere erabil daiteke, adibidez aza gorria.
d) pH paperak.
e) Bureta, pipeta, xurgagailua.
f)  Hiru erlenmeyer matratze (balorazioa 3 aldiz egingo dugu)

  • Behaketa mikroskopioarekin:
a) Mikroskopioa
b) Matxarda
c) Estalki- eta ermateko objektuak
d) Lagina


pH-indikatzaile naturala: aza gorria

pH indikatzaile natural bezala aza gorria erabiliko dugu. Aza gorriaren geruza moreenak hartu eta horiek egosi behar dira. Egosterakoan likido more bat lortuko dugu, hori gure indikatzailea izango da. Aza gorriaren antozianinak zelula begetalen bakuoloetan dauden eta hostoetara, loreetara eta fruituetara kolore gorri, purpura edo urdina eramaten duten pigmentu hidrosolubleak dira.


Aza gorria - materialak

  • Aza gorria
  • Hauspeakin ontzia
  • Saretxoa
  • Eustoina
  • Butano bonbona
  • Metxero bat
  • Hagatxoa
  • Ura (egosteko)
  • Fruta eta produktu kimikoak (azidoak eta baseak)

Segurtasun erregelak
NaOH korrosiboa da.

Urarekin, azidoekin eta beste materia batzuekin erreakzionatzen du. Azalean eta begietan erredurak eragiten ditu. Eta haserregarria da arnas eta digestio traktuan. Gomendagarria da betaurrekoak, eskularruak eta laborategiko bata erabiltzea, aireztatze giroa duen toki batean, praktika hau burutzeko.

Eta fenoftaleina, berriz (pH indikatzailea bezala aukeratzen badugu), kaltegarria da irentsiz gero, beraz aurreko neurriak hartu behar dira.


Prozedura 
  • Limoien ezaugarriak ezagutu:
  • Bere pH-a zehaztea:
    • Limoi-zukua lortu.
    • Bere pH-a neurtu. (pH paperak, pH indikatzaileak, pH-metroa).

  • Limoien azidotasuna neurtzea (limoi zukuaren azido-basearen eta NaOH 0,1M-aren arteko balorazioa, aukeratutako pH indikatzailea barne)
    • Limoi zukua lortu.
    • Zukua iragazi. (5 ml zuku)
    • Aukeratutako indikatzailearen tanta bat edo bi limoi zukuari bota.
    • Bureta (50ml-koa) 0,1M-a NaOH-ez bete.
    • pH indikatzailea bota diogun limoi-zuku soluzioari NaOH bota, haren kolorea aldatu arte (fenoftaleina erabiltzen badugu arrosarantz aldatuko da, baina indikatzaile naturala erabiliz gero beste kolore ezberdin bat izango litzateke).
  • Limoi baten ehunak mikroskopioz ikusi:
    • Limoi baten pulpa zati bat moztu.
    • Limoi ehunak matxarda batzuen bitartez lagin batean jarri.
    • Lagina estali objektu-estalki batez.
    • Mikroskopio optikoz behatu.

  • Pila limoiekin prestatu:
    • Limoiak hartu.
    • Iltze bat eta kobre-elektrodoak limoi bakoitzean jarri
    • Limoietako batean torloju bat eta ukitu gabe kobre hagaxka zati bat sartuko ditugu (pila sortzeko).
    • Iltzeko kableekin limoiak konektatu, limoi baten kobre batetik bestearenera.
    • Voltimetroa eta led-bonbila bat konektatuz zirkuitua itxi.
    • Tentsioa frogatu, eta bonbila pizten den ala ez.
    • Bi torloju eta bi kobre zati soilik limoi berean sartzen baditugu, pila bat eraikitzeko ez du funtzionatuko. Kobrea polo positiboa izango da eta torlojua polo negatiboa.
    • 5 edo 6 limoiak konektatuko ditugu, polo negatiboa positiboarekin, Volt tentsioa lortzeko.


 Emaitza posibleak

Praktika honetan bi emaitza posible daude:

     1.  Elektrizitaterik ez eragitea. Eta bonbilak ez piztea.
     2.  Elektrizitatea eragitea eta bonbilak piztea, edo elektrizitatea behar duen eta konektatu duzun zer edo zer ongi ibiltzea.

  • Elektrizitaterik ez bada jariatzen, alanbreak, iltzeak behatu beharko genituzke, egoera onean dauden edota limoiari ondo konektatuta dauden ikusi. Hori behatu eta gero, limoiaren egoera behatu, bere azido zitrikoaren azidotasunaren maila dela eta.


  • Orokorrean, gai honen inguruan ikusi ditudan praktika guztiek emaitza atsegingarriak izan dituzte, elektrizitatea erakusteko eta irakasteko modu praktiko eta interesgarriagoa direlako. Oso praktika gomendagarria da, pH-ren ondoriozko kolore aldaketak, mikroskopioaren erabilera eta limoien arteko konexioaren ondorioz LED bonbilak pizten ikustea ikusgarria delako.

 Bibliografia


2018(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea



TELOMERASA: HILEZKORTASUNA ETA MINBIZIA

Azken urteotako zientzian biologiaren barnean garrantzi handia duen gaia da genetika. Zenbat eta DNAri buruzko aurkikuntza gehiago egin, orduan eta jakin-min handiagoa sortzen zaie zientzialariei, izaki bizidunon kode genetikoaren misterioak osorik argitzeak utopia hutsa ematen duelarik.


Geneek, hau da, DNAren unitateek, gure gorputzeko ezaugarriak baldintzatzen dituzte: begien kolorea, altuera, jaiotzez izango ditugun gaixotasun kronikoak, bizitzan zehar beste batzuk garatzeko izango ditugun aukerak… Informazio kantitate izugarri hori organismo bateko zelula guzti-guztietan dago. Hau horrela izan dadin, DNAren kopiak egin behar ditugu etengabe. Zelula bat ugaltzeko orduan prozesu bat gertatu behar da nahitaez: DNAren erreplikazioa. Honen bidez, jatorrizko zelularen informazio genetikoaren kopia berdin-berdina egiten da… edo ia berdina.



DNA helize bikoitza eratzen duten bi nukleotido katez osatuta dago. Honen kopia egiteko, helizea deskiribildu eta kate bakoitza kopiatzen da. Prozesu hau aurrera eramaten duten entzimen ezaugarrien ondorioz, kate horietako bat jarraian kopiatzen da, baina bestea zatika. Azken hau erreplikatzen duen entzimak oinarri bat behar du katearen amaieran bere lana egin ahal izateko; DNAren hurrengo zatia, hain zuzen ere. Horregatik, amaierara iristean, arazo bat aurkitzen du: oinarririk ez duela.

Ezbehar honek konponbide erraza dauka: azkeneko zatitxo bat kopiatu gabe uztea, eta hau da gure zelulek etengabe egiten dutena. Honek, noski, ondorioak ditu. Zelula bat bikoizten den bakoitzean informazio pixka bat galtzen da hurrengo belaunaldirako. Bikoizketa batean ezberdintasuna ia hutsala da, baina gizakia bizi den 80 urte inguruetan zehar aldaketak dezente handiak dira. Aurkeztutako hau da, hain zuzen ere, zahartzearen arrazoia.

Honekin loturiko ikerketa bati eman zioten Medikuntzako Nobel saria 2009 urtean. Bi emakumek, Elizabeth Blackburnek eta Carol Greiderrek frogatu zuten bezala, azaldutako hau gertatuko ez balitz ez litzateke zahartzerik gertatuko. Haiek aurkitu zuten telomerasa entzima, bai eta hainbat esperimentu egin ere. Espainian ere egin dira honi buruzko ikerketak. Horietako batean, arratoiei telomerasa dosi bat emanda haien bizitza %40 luzatu zitekeela frogatu zen.



Hau jakitean galdera sorta interesgarria sortzen da. Ba al dago entzima hau gizakiengan? Zergatik ez dugu erabiltzen? Hilezkortasunera irits gaitezke? Bada, bai, gure organismoak telomerasa sortzen du, baita erabili ere, baina fetu garaian bakarrik. Jaiotzean, gorputzak telomerasaren jarduera geldiarazten du, arrazoi sinple batengatik: minbizia ekiditeko.



Nobel saria lortu zuen aipatutako ikerketak argi eta garbi frogatu zuen tumore zelulak telomerasa aktibatzeko gai direla eta honetaz baliatzen direla hilezkor bihurtzeko. Honek bikoizteko, bizirauteko eta gaixotasuna hedatzeko gaitasun mugagabea ematen die. Minbiziaren erantzule diren zelula hauetako %95 inguruk egiten du hau, eta laborategian telomerasa kendu zaienean azkar hiltzen direla frogatu da.


Honen inguruan atera ditzakegun ondorioak asko dira. Alde batetik, gure bizitza izugarri hobetu lezakeen zerbaitek gaur egun hain larria den gaixotasun bat sortzen duela ulertzea zaila dirudi. Beste aldetik, nahiko aurreratuta daude honi buruzko ikerketak, eta minbiziaren sendabiderako pausu garrantzitsu bat eman dugula esan daiteke. Gainera, nahiz eta gaur egun zientzia-fikzioa iruditu, batek daki hemendik urte batzuetara telomerasaren eta zahartzea ekiditearen arloan zer nolako aurkikuntzak egingo ditugun.

Mario Astigarraga Espeita
@MarioAsti8


Bibliografia:

Muy Interesante aldizkariko artikulua:
Khan Academy:
María Blascorekin elkarrizketa, El País egunkarian:
El Mundo egunkariko artikulua:

2015(e)ko martxoaren 31(a), asteartea

Zergatik egiten dute hegan hegazkinek?


Objektu batek hegan egiteko indar bertikal bat behar du igotzeko, eta indar hori pisuaren adinakoa edo handiagoa izan behar da.


Nola sortzen da indar bertikal hori? 

Hegal batek forma berezia dauka, profil aerodinamikoa deritzona; airea igarotzean euskarri indarra sortzen du. Profil honen kurbadurak airea behartzen du abiadura handiagoa izatera goian behean baino; orduan presio ezberdintasunak sortzen ditu, txikiagoa goikoan eta handiagoa behekoan.  


Hau gertatzeko, airea abiadura zehatz batean pasa behar da hegalaren ondoan. 

Zenbat eta abiadura handiagoa izan orduan eta euskarri handiagoa izango da. Orduan beharrezkoa izango da hegazkina aurrerantz bultzatzea trakzio indarrarekin, airearen erresistentziaren kontra, hegalak hegazkinaren pisuari eusteko beharrezkoa den euskarria sortzeko eta igo dadin. 

Euskarri indarra beti perpendikularra izango da profil aerodinamikoarekiko.


Eta hau guztia da berez sekretua…. Trakzioa, airearen erresistentzia, euskarria eta pisua orekan daudenean, hegazkinak hegan egingo du abiadura eta altuera konstante batean. 


Carlos SOROETA
@carlossoroeta
DBHko 4. maila



Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du





Kafkaren metamorfosia ehun urte geroago



2015 honetan badaude literatur arloko zenbait efemeride garrantzitsu: Agatha Christieren Hamar Beltx nobelak 75 urte egin ditu, On Kixoteren bigarren zatiaren argitalpenaren mendeurrena betetzen da aurten eta Kafkaren Metamorfosiarena ere bai. 100 urte betetzen dira Kafkak Metaforfosia idatzi zuenetik. 


XX. mendeko obrarik nabarmenena izan zen, eta surrealismoa eta fantasia hoberen erabili dituen idazle bezala aurkezten dute Kafka. Idazlea oso gazte hil zen, 1931n, 48 urte zituela, tuberkulosiaz. Bere obran zehar ikusi dezakegu zer nolako erlazioa zeukan bere aitarekin, honek beti mespretxatu zuelako. Bere gurasoekin bizi izan zen ia bizitza osoan eta bere aitarentzat Kafka porrot hutsa zen.

Mende oso bat pasa da Gregor Samsa sortu zuenetik eta irakurleak harritu egiten dira oraindik gaur egun liburuaren hasieran pertsonaia labezomorro bihurtuta esnatzearekin. Oso ospetsua da nobela honek daukan hasiera, lehenengo lerroetan Gregor Samsa esnatu zenetik intsektu nazkagarri bihurtuta erakusten baitigu; nahiz eta labezomorro dela esan nobelak ez du inolako momentutan argi uzten. Pertsonaiaren esnatzearekin batera familian pixkanaka-pixkanaka agertzen joaten diren sentimendu eta erreakzioak ikusi ditzakegu, eta familiaren alde ilunenak ere bai.

Vladimir Nabokov errusiar idazleak honako hau esan zuen: Gregor intsektuz mozorrotutako gizaki bat da eta bere familia gizakiaz mozorrotutako intsektuak dira.

Kafkaren Metamorfosia literatura modernoaren funtsezko istoriotzat hartu da. 1912. urtean zehar idatzi zuen Kafkak eta 1915ean argitaratu zen, harrezkero literatura eta pentsamendu europarrean eragina izan duen obra izan da. Kontuan hartu behar dugu Gregoren metamorfosia ez dela mirari bat. Bat-batean gertatzen da eta egoera horretara egokitu behar du. Obra honetan gauzarik inportanteena ez da Gregoren sufrimendua, baizik eta berak familiari eragiten diona bera konturatu gabe.


Elena PÉREZ FERRO
@helen_grace26
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du





2015(e)ko martxoaren 25(a), asteazkena

GIZA BURMUINA ETA ZENBAIT GAIXOTASUN


Gizakien burmuina sistema nerbiosoaren organo garrantzitsuena da. 1,5kg pisatzen du gutxi gorabehera eta emakumeen kasuan cm3 gutxiago betetzen ditu. Gizonen kasuan pixka bat gehiago pisatzen du burmuinak, baina 100g gehiagotan ez dago neurona edo materia gris gehiago, pisu eta tamaina handiagoa izateak ez du zer ikusirik neurona kopuruarekin.


Giza burmuinaren zati handienak kortex zerebral izena du, beste izaki bizidunek ez bezala garatuagoa dugu zati hau, eta horrek izaki arrazionalak bihurtzen gaitu. Zati honetan neuronen konexio gehienak agertzen dira. Neuronak garunean dauden zelulak dira; oso espezializatuak daudenez ezin dira ugaldu eta buruan hartutako kolpe handi batek edo botika batzuk suntsitu  ditzakete. 

Gizakiaren adimena ez da neuronen kopuruan oinarritzen, baizik eta beraien arteko konexioetan. Denok entzun dugu gizakiok bakarrik garunaren %10 erabiltzen dugula, baina hori gezurra da. Barry Beyerstein neurozientifikoak esan zuen bezala, bakarrik parte hori erabiliko bagenu, istripu bat izanez gero ez zuen gure burmuinean eraginik izango. Baina dakigunez, istripu bat izateak edo burmuin osoan kolpe bat hartzeak garunaren funtzionamenduan eragina du, adibidez itsu geratzea, memoria galtzea edo hizkuntzak ahaztea.

Kortexean 4 alde nabaritzen dira: lobulu okzipitala (ikusmen gaitasuna hartzen duena), lobulu parietala (zentzumen prozesamenduak), lobulu tenporala (memoria gordetzeaz arduratzen dena) eta lobulu frontala (jokabidearen planifikazioa egiteaz eta koordinazioaz arduratzen da, edota hizkuntzaz).

Garuna aztertzen duten espezialitate asko daude; neurologia, adibidez. Neurologia garunaren arazoak aztertzen dituen medikuntzaren zatia da. Neurozientzia aldiz, garuna aztertzen duen zientzia multzoa da. Alde abstraktuagoa aztertzen du, adibidez zergatik amesten dugun, edo kontzientziaren munduan sartzen da psikologiaz lagunduta. Garunaren inguruko informazio gutxi daukagu organo oso konplexua delako, hain konplexua non gaixotasun larriak jasaten dituen, oraindik ez dakigunak zergatik agertzen diren eta nola zuzendu.

Gaixotasun neurodegeneratiboek neuronen heriotza areagotzen dute eta gizakiaren jokabidean eragina dute. Alzheimerra, ELA, Parkinsona, Huntingtonen gaixotasuna, dementzia… gaixotasun neurodegeneratiboak dira.

Alzheimerra aurreko mende hasieran aurkitu zen; psikiatra batek, Alois Alzheimerrek, aurkitu zuen 50 urte zituen emakume batengan. Gaixotasun honek neuronen arteko konexioak desegiten ditu, eta sintoma nagusia memoriaren galera da. Normalean, gaixoak diagnostikoa egin eta 10 urte bizitzen dira. Alzheimerra ez da pertsona guztietan berdin gertatzen, baina orokorrean 3 fasetan banatzen da:

Lehenengo fasean pazienteak zailtasunak ditu zenbait hitz gogoratzeko eta gauzak non utzi dituen oroitzeko. Baina oraindik mugikortasuna eta autonomia mantentzen ditu.

Bigarren fasean, gaixoak orain dela gutxi gertatutakoak ezin ditu gogoratu. Eta fase honetan agresiboagoak izaten dira, jarrera aldatuz joaten da. Koordinazioa galtzen dute, eta adibidez botoiak ezin dituzte ondo lotu. Momentu honetan erori ohi dira, eta beste pertsona baten laguntza behar dute, komunera joateko edo eguneroko gauzak egin ahal izateko.

Hirugarren fasean ezin ditu gogoratu ez duela asko gertatu direnak, ez duela gutxikoak eta bere ezagunak ere. Ezin du ulertu besteek esaten dutena, eta hitz gutxi batzuk ondo esaten ditu. Koordinazioa galdu duenez oso gutxi mugitzen da, ez erortzeko, eta ohean gelditzen da normalean. Alzheimerrak ez du hiltzen, beste gaixotasun batzuk hiltzen dute, minbiziak, akats kardiobaskular batek edo arnasketa akats batek.

Gaur egun oraindik ez dakigu zerk eragiten duen gaixotasun hau; zenbait faktorek eragina izan dezakete, adibidez hereditarioak eta ingurugiroarenak.

Parkinsona gaixotasun degeneratibo bat da; nahiz eta garunean zuzenean eragin, gorputzaren mugimenduetan islatzen da. Zenbait sintoma du gaixotasun honek besteetatik bereizteko, adibidez eskuen eta matrailen dardara. Depresioa eta eguneroko ekintzetan zailtasunak ere eragiten ditu. Oraindik ez dauka sendabiderik eta ez dakite zerk eragiten duen normalean. Kasu batzuetan istripu batek eragiten du, baina hori ezohikoa da.

Huntingtonen gaixotasuna 4 kromosomaren akats bat da. Akats hau ADNaren zati baten errepikatzean oinarritzen da. Normalean 10-28 aldiz errepikatu behar da zati hori (CAG deitutakoa) baino Huntingtonen gaixotasunean 36-120 aldiz errepikatu daiteke. Herentziako gaixotasun bat da, eta zenbat eta belaunaldi gehiago igaro, orduan eta errepikatze gehiago ditu eta gaixotasun larriagoa da. Gaixotasunaren sintoma esanguratsuena aurpegi keinu esporadikoak egitea da; baita agresibotasun handia izatea ere. Garunean neuronen suntsiketa eragiten du, eta horren ondorioz, paranoia, haluzinazioak eta psikosia sortzen ditu. Gaur egun ezin da gaixotasun hau gelditu baina zenbat kasutan sintomen murrizketak egon dira. Pazientea ez da autonomoa, horregatik tratamenduak puntu hau hobetzean oinarritzen dira. 


Gaixotasun guzti hauek oso gogorrak dira, bai gaixoarentzat, bai familia eta lagunentzat, horregatik elkarte askok laguntzen dute egoera zail hau jasaten. Esan beharra dago gaixotasun hauek normalean 65 urtetik gorako pertsonei eragiten dietela; antzinako greziarrek beti lotu izan zuten dementzia zahartzaroarekin, eta ez zeuden oker; zenbat eta helduago izan neuronen hilkortasunak gora egiten du. 

IRENE CASADO
@icferreras
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.