2014(e)ko ekainaren 16(a), astelehena


Astronomia zibilizazio zaharretan


Astronomia gorputz zerutarrak ikertzen dituen zientzia da. Bere mugimenduak, eta gorputz hauei lotuta dauden fenomenoak ikertzen ditu eta esan dezakegu zientzia zaharrena dela. Astronomia gizakiarekin jaio zen, zeren gizakiak daukan izaera pentsalariarekin lotuta dago.

Historian, aurkikuntza arkeologikoek erakutsi duten bezala, herri asko egon dira interesatuak astronomiarekin. 

Txina

Txinako astronomia munduko zaharrena da eta ez dakigu gauza asko honi buruz. Beraiek uste zuten unibertsoa fruta bat bezalakoa dela eta fruta hau izar polarrean zintzilikaturik dagoela; 284 konstelazio ikusi eta hauek lau “etxetan” zatitu zituzten. Ilargi egutegiak erabili zituzten eta geroago eguzkikoak; gainera, Eguzkiaren orbanak ikustea lortu zuten.

Txinatarren ustez Eguzkiak Txinaren inguruan jiratzen zuen, orduan Eguzkia hurbiltzen zenean eguna izango zen eta urruntzen zenean gaua izango zen. 1006an txinatarrek supernoba bat ikusi zuten, egunean zehar ikus zitekeena.

India

Indiako kulturak bere astronomia erlijioarekin erlazionatzen zuen batez ere. Indiako astronomo famatuena Aryabahta izan zen, Lurrak bere ardatzaren inguruan jiratzen zuela aurkitu zuelako, baina bere teoria geozentrikoan okertu zen, zeren esaten zuen Eguzkiak eta Ilargiak Lurraren inguruan biratzen zutela eta gainera Lurra unibertsoaren zentro bezala jartzen zuen.

      Indiako beste astronomo inportantea Varahamihira izan zen, bi liburu idatzi zituen astronomiari buruz eta bere garaian oso garrantzitsuak izan ziren.

Stonehenge

Pertsona batzuk esaten dute Stonehenge eta beste estruktura megalitikoak (grekeraz
megalitikok “harri handia” esan nahi du) oso teknika astronomiko aurreratuekin eginda daudela. Baina ez da normala garai horretako astronomoek Ilargi edo Eguzki eklipseak aurreikustea. Normalena izango zen estruktura astronomiko hauek helburu erlijioso batekin egitea.

     Stonehengek Eguzkiaren eta Ilargiaren arteko lerrokadura erakusten du. Horregatik esan dezakegu aldez aurretik pentsatua izan zela; harri guztiek erabilera praktiko bat daukate baina ez dakigu nork egin zuen ez dagoelako ezer idatzirik honi buruz.

Kolon aurreko astronomia amerikarra 

      Kristobal Kolon iritsi baino lehen Hego Amerikan egon ziren herrien astronomia izan zen. Talde honen barruan sar ditzakegu maia, inka eta anasazi kulturak.

a) Maiak: maia kultura Yucatan mexikarrean eta Guatemalan garatu zen Espainiaren konkista baino lehen. Maien egutegia Ilargiaren ziklo sinodikoetan dago oinarrituta, ilberritik ilberrira joaten direnak. Zenbait zientifikok argudiatu dute maien egutegia gure egutegi gregorianoa baino zehatzagoa dela, maien urtea, Haab-a, zehatzagoa delako.

b) Inkak: inkek Eguzkia gurtzen zuten, uzta onak emateko. Esaten da inkek eklipseak aurreikusi zitzaketela; astronomia aurrerakoia zen hau, eta batez ere Eguzkia aztertzen zuten. Beraiek urrez egiten zituzten beren tenpluak, zeren Eguzkiaren kolorekoak izatea nahi zuten.

c) Anasaziak: Uste da anasaziek supernoba ikusgarri bat ikusi zutela; sinbolo misteriotsuak marrazten zituzten eta batez ere Eguzkiaren mugimendua aztertzen zuten.

Egipto

Antzinako egiptoarrek ere zerua aztertu zuten baina aztertze hau erlijio eta mitologia helburuekin eginda egon zen. Egiptoarrek ez zuten zerua helburu astrologikoekin aztertu, mesopotamiarrek bezala.

Gaua orduetan zatitzeko erabiltzen ziren hamabi izarrak helburu erlijioso batekin lotuta zeuden, hauei “zeruko 12 zaintzaile” deitzen zieten. Izarrak dituen zeruaren errepresentazio zaharrena Egipton aurkitu da, Asiut-en sarkofagoan. 

Gainera, jende askoren ustez egiptoarren eraikuntza sakratu batzuk astronomiarekin dute zerikusia, baina ez daukate oso argi honen esanahia astronomiaren ikuspegitik.



Goian dagoen argazkian ikus ditzakegu puntu gorri batzuk, erlijio esanahia duten izarrak eta konstelazioak irudikatzen dituztenak; konstelazio hauek dira Ra-ri laguntzen dioten gauaren zaintzaileak.

Astronomia mesopotamiarra

Egiptoren gainbeherarekin batera, mesopotamiar kultura momenturik onenean zegoen. Eraikuntza handiak sortzen hasi ziren eta beren lurretan legeak ezarri zituzten. Mesopotamiar eta egiptoarren arteko oso lotura estua egon zen eta horregatik uste da mesopotamiar kulturak egiptoarraren eragina izan zuela.

Apaiz astronomoak izendatu zituzten eta hauen funtzioa zerua begiratzea eta aztertzea zen. Hau egiteko zigurat batzuk sortu zituzten; hauek gaur egungo behatokiak bezalakoak ziren. Mesopotamiarrek beren astronomi aurkikuntzak liburuetan idatzi zituzten.

         Halley kometa ikusi zuten k.a. 164. urtean. Gainera, Ilargiaren zikloak ikertu zituzten eta Ilargi egutegi bat egin zuten, eklipseak ikertu zituzten eta eklipseak herria beldurtzeko arma bat bezala erabili zituzten.

Astronomia grekoa

Greziarrek antzinatik ikertu dute zerua. Hauek India eta Babiloniaren influentzia handia
izan zuten. Erromako inperioaren garaian astronomo askok lan egin zuten astronomia tradizio klasikoak aztertzen, eta Alejandriako liburutegian eta Mueseion-ean lan egin zuten.

Greziarrek planetak bereiztea lortu zuten zeren ez zuten distira egiten beste gauzek bezala; Merkurio, Jupiter, Saturno, Marte eta Artizarra bakarrik ikusten zituzten, baina gainera Eguzkia eta Ilargia gehitu zituzten planetak bezala. Planeta hauei greziar Jainkoen izenak jarri zizkieten.

Antzinako greziarren egutegiak Ilargi eta Eguzki zikloetan oinarrituta zeuden. Egutegi helenikoak bi ziklo hauek sartu zituen, baina aplikatzeko oso zaila zenez astronomoak saiatu ziren eklipseetan oinarritutako egutegi bat egiten. Platon eta Aristoteles oso astronomo eta filosofo famatuak izan ziren.

Arabia

            Arabiarren astronomia Babiloniakoan oinarrituta zegoen. Arabiarrak lagundu zuen Erdi Aroan Europa osoan zegoen astronomiaren gainbehera gainditzen. Beraiek eraiki zituzten taula astronomikoak, non gorputz zerudunen mugimenduak eta posizioak biltzen ziren.


Borja Lizarribar Carrillo
@borjalizarribar
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 2. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du



2014(e)ko ekainaren 10(a), asteartea

Telefonoaren benetako asmatzailea


Gaur egun ez genuke mundua ulertuko telefonorik gabe. Izan ere, gehien erabiltzen dugun tresna da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar telefonoa azken 160 urte inguruko asmakizuna dela eta gizakiaren historia askoz luzeagoa dela.

Oso famatua den elezahar batek esaten du telefonoa Graham Bell izeneko eskoziar batek asmatu zuela 1876. urtean, baina hori gezurra da. Benetako asmatzaileak Antonio Meucci zuen izena.

Antonio Santi Giuseppe Meucci Italiako Florentzia hirian jaio zen 1808ko apirilaren 18an. Florentziako Arte Ederren Akademian Ingeniaritza kimikoa eta industriala ikasi zuen. Kartzelatuta egon zen 1833-1834 urteen inguruan, italiar askatze-mugimendu batean parte hartzeagatik. 1834. urtean Ester Mochi-rekin ezkondu zen; Kubara inmigratu zuten eta han energia elektrikoarekin lan egin zuen, gaixotasun ezberdinak sendatu ahal izateko. Behin batez, paziente batekin egoteko prestatzen ari zela, zenbait konexio egiteko kobrea erabili zuen; urte batzuk geroago hobetu egin zuen bere asmakizuna. 1850eko urrian Estatu Batuetara jo zuen, Clifton-era zehazki, New York-etik gertu. 1854.urtean Meucci-k telefono bat asmatu zuen bere bulegoa (etxeko lehenengo pisuan zegoena) eta bere logela (bigarren solairuan zegoena) nolabait lotzeko. Izan ere, bere emaztea gaixorik zegoen, erreumatismoa zuen.



Familia behartsu batekoa zen; asmatutako telefonoa patentatu nahian zebilen baina dirua zela kausa ezin izan zuen, 250 dolar balio zuen patentatzeak. Horregatik Western Union enpresari erakutsi zion egindako lana baina enpresa horrek ez zion kasurik egin eta ez zizkion erabilitako materialak bueltatu. Esaten dute Meucci-k erabilitako materialak Graham Bell-en eskuetan erori zirela baina hori ez da ziurra. Meucci-k asmatutako telefono antzeko hark “Teletrofono” izena hartu zuen. 1856an, urte batzuk lehenago, lehenengo telefono elektromagnetikoa sortu zuen. Ez zuen guk erabiltzen dugun telefonoa asmatu, baina antzeko aparatu bat sortu zuen. 

1889 urteko urriaren 18an hil zen New York-en.

Antonio Meucci alde batera utzita, beste pertsonaia bat egin zen famatu telefonoaz hitz egiten badugu:

Alexander Graham Bell 1847ko martxoaren 3an jaio zen Edimburgon, Eskozian. Zientzialaria
zen. Horretaz aparte logopeda zen, horregatik hasi zen telefonoarekin zerikusia zuten gauzekin aritzen.

Bere lehen asmakizuna 12 urterekin egin zuen. Txikitan Royal High School-era joan zen baina nota txarrak ateratzen zituen eta ez zen zenbait klasetara joaten. Eskola utzi ondoren Londresera joan zen bere aitonarekin bizitzeko. Oso azkarra zen, piano-jole oso ona zen, poesia idazten zuen… Alexanderrek 12 urte zituela bere ama gorra gelditu zen eta orduan gorren hizkuntza, seinaleen bitartez ikasi zuen. Bere aita, osaba eta aitona esatariak ziren eta hark haien bidea hartu zuen.

Meuccik egin zuena bazekien Bell-ek, eta patente bulegoak berari lagundu zion. Meucci honetaz konturatzean, bere abokatuari eskatu zion Estatu Batuetako patente bulegoan kexatzeko, baina hori ez zen gertatu. Bell-ek lagun asko zituenez teletrofonoaren dokumentuak lortu zituen. 1876an telefonoaren patentea lortu zuen, baina ez zion izen hori eman.

Gizakiaren hotsak EEBBetan transmititzea lortu zuen Elisha Gray-k baino lehen. Geroago, Thomas Alva Edisonek moldatu zuen apur bat telefonoa, hobetuz, mikrofonoa sartuz.


Duela denbora gutxi arte Alexander Graham Bell izendatu izan da telefonoaren asmatzaile bezala, baina 2002ko ekainaren 11n onartu zuten benetako asmatzailea ez zela Alexander Graham Bell izan, Antonio Meucci baizik.

Ane Legarra
DBHko 4. maila

Sarrera honek 2. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartu du

2014(e)ko ekainaren 9(a), astelehena

Zer da elektromagnetismoa?


Lehenik eta behin, elektromagnetismoa zer den ulertzeko, magnetismoa aztertuko dugu. Magnetismoa, zenbait substantziek (burdina adibidez) duten propietatea da eta beste hainbat substantzia erakarri edo aldaraztea ahalbidetzen die.
Imanak propietate magnetikoak dituzten materialak edo substantziak dira eta naturalak edo artifizialak izan daitezke. Iman natural guztien artean ezagunena magnetita izeneko minerala da. Hala ere, XIX. mendetik aurrera, korronte elektrikoek ere imanen antzeko propietateak dituztela dakigu.
Material ferromagnetiko bat iman batekin kontaktuan jartzen denean iman artifiziala lortzen da. Fenomeno honi imantazioa deitzen zaio eta imana material ferromagnetiko horretatik urruntzen denean, substantzia hori imanduta gera daiteke. Zenbait kasutan, propietate hori betirako mantentzen da eta beste kasu batzuetan aldiz, propietate horrek denbora-epe bat irauten du. 
Edozein imanetan ipar eta hego polo izeneko bi gune daude. Horietan jarduera magnetikoak nabarmenagoak izaten dira eta imanaren muturretan aurkitzen dira.
Hari baten bidez iman bat bere grabitate-zentrotik zintzilikatzen bada, beti norabide berdinerantz orientatzen da, poloetako bat iparralderantz eta bestea hegoalderantz. Honen arrazoia imanaren poloak Lurreko polo magnetikoen arabera lerrokatzen direla da. Honekin lotuta, imanen arteko interakzioen propietate funtsezkoenetako bat polo berdinak elkar aldaratzean eta polo ezberdinen arteko erakarpenean oinarritzen da. Iman baten poloak bereiztezinak dira. Izan ere, iman bat bi zatitan banatzen denean, ez dira lortzen ipar poloa alde batetik eta hego poloa bestetik. Bai zati batean, bai bestean bi poloak egongo dira hortaz, bi iman lortuko ditugu. 1820. urtean Oersted izeneko zientzialariak aurkikuntza oso interesgarria egin zuen: korronte elektrikoak iparrorratzen orratz imandua desbideratzeko gai direla. Honen ondorioz frogatu zenez, korronte elektrikoak imanek sortzen dituzten efektu berbera eragiteko gai dira.

Behin iman bat zer den dakigula, eremu magnetikoa da azaldu beharreko bigarren kontzeptua. Eremu mota hau iman batek dagokion esparruan eragiten duen agitazioa edo perturbazioa da. Hau da, imana inguratzen duen gunea da, zeinetan iman horrek dituen efektu magnetikoak nabarmenak dira, nahiz eta gure zentzumenentzat oharkabean pasatzen diren.

 Eremu magnetikoa aztertu ahal izateko eremu-lerroak erabiltzen ditugu. Hau da, imanaren barruko hego polotik ipar poloraino eta imanaren kanpoko ipar polotik hego poloraino doazenak. Lerro hauen bidez ezagutu daitezke, adibidez, eremu magnetikoaren intentsitatea eta norabidea.

Hau guztia kontutan hartuta, elektromagnetismoa fenomeno elektrikoen eta fenomeno magnetikoen arteko lotura aztertzen duen elektrizitatearen atala bezala definitu daiteke. Lotura honen aurkikuntzaren meritua Hans Christian Oersted fisikari daniarrari dagokio. Honek ikusi eta aztertu zuen lehen aldiz orratz magnetiko bat korronte elektrikorik gabeko hari eroale zuzenarekiko ipar-hego noranzko paraleloan ezartzen denean, korronte elektrikoa ez dela aldatzen. Baina, aldiz, eroalean zehar korronte elektrikoa pasatzen hastean, orratz magnetikoa desbideratu egiten da eta hari eroalearekiko norabide perpendikular baterantz orientatzen da. Hari eroalean zehar korrontea eteten bada, orratza hasierako posiziora itzultzen da. Esperimentu honen ondorio bezala ulertu daiteke korronte elektrikoa hari eroalean zehar pasatzean eremu magnetikoa eratzen dela.
Azaldutako kasuan, eraturiko eremu magnetikoaren balioa korronte elektrikoaren intentsitatearen eta korronte elektrikoari dagokion eroalearen formaren araberakoa izango da. Hari eroale zuzenaren kasuan eremu magnetiko biribila sortuko da hariaren inguruan, hariarekiko perpendikularra delarik. Aldiz, espiral erako hari eroalearekin, eremu magnetikoa biribila izaten da eta eremu magnetikoaren norabidea eta noranzkoa korronte elektrikoaren noranzkoaren araberakoa da.
Eremu magnetikoaren eraginaren beste adibide oso argia funtzionatzen ari den telebista baten pantailan antzeman dezakegu. Pantailara iman txiki bat hurbiltzen badugu, imanaren alboan irudien formak eta koloreak distortsionatzen direla ikusiko dugu. Hori gertatzen da iman horren eremu magnetikoak telebistaren pantaila fluoreszentean talka egiten ari diren elektroiak desbideratzen dituelako.
Elektroimanetan, bobinen aplikazio oso komuna aurkitzen da. Hauek bobina bat eratzen dute, zeinetan bere barne korronte elektrikoa ibiltzen den. Bobina honek nukleo ferromagnetikoa hartzen du barne eta bobinan barrena korronte elektrikoa ibiltzen denean, burdinazko nukleo hori behin-behineko imana bihurtzen da. Zenbat eta espiral gehiago ekarri bobinak, orduan eta handiagoa izango da imanaren eremu magnetikoa.

 Elektromagnetismoa zer den eta nola funtzionatzen duen ikusi dugunez, indar elektromagnetikoa aztertzen hasiko gara. Aipaturiko karga elektrikoa higitzen den bitartean, bere inguruan eremu elektrikoa eta eremu magnetikoa sortzen dira. Horren ondorioz, eremu magnetiko honek bere jarduera erradioan aurkitzen den beste edozein karga elaktrikotan eragingo du eremu magnetikoa sortzen duen indar hori indar elektromagnetikoa delarik. Korronte elektrikoa daraman eta eremu magnetikoa zeharkatzen duen hari eroale zuzena dugunean, hariaren gainean indarra eragiten da. Hori gertatzearen arrazoia honakoa da: eremu magnetikoak jarduneko karga elektrikoetan indarrak eragiten dituela. Hari eroale zuzenaren ordez espira laukizuzen bat kokatzen denean, bi indar azalduko dira alde bietan finkatuta, eremu magnetikoarekiko perpendikularki, balio berdinekoak eta noranzko ezberdinekoak direlarik. Honek ez du lekualdatzerik eragingo, horren ordez bere ardatzaren inguruan biratuko baita.
Azkenik, esan behar da gaur egun elektromagnetismoak gero eta erabilpen gehiago dituela bai eguneroko bizitzarako -hala nola Japonian sortu diren eremu magnetiko bidezko tren hegalariak- eta bai ikerkuntza mailan ere. Azken honen adibide haundiena CERN laborategia da, zeinetan Higgs-en bosoia aurkitzea lortu zen.

David ETXEBERRIA
Batxilergoko 2. maila
Sarrera honek 2. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du