2014(e)ko martxoaren 31(a), astelehena

Grafenoa, gure etorkizunaren oinarria

Zer egingo genuke egun batez gure aparatu elektronikoak izango ez bagenitu?

Teknologiak izugarrizko bultzada izan du azken hamarkada hauetan eta bultzada honek salmentan jarri dituen tresnak gure eguneroko bizitzan ezinbestekoak  bihurtu dira.  

Zientzialariek, betidanik, teknologia berriak aztertzeko nahia izan dute eta teknologia berrietako bat Nanoteknologia dugu. Nanoteknologiak aukera ematen dio gizakiari materialen ezaugarri orokorrenetatik abiatuz zehatzenak aztertzeko. Materialen propietateak aldatzea posible zela jakitean, orduan hasi zen Nanoteknologiaren arrakasta.

Donostian bertan zientzia honetan oinarrituta dagoen “Nanogune” deituriko zentroa dugu, eta jo ta ke dabiltza ehundaka fisikalari proiektuak aurrera eramaten.



Nanoteknologiari zor diogu grafeno materiala ezagutzera ematea. Grafenoa, karbonoko atomoz osatuta dagoen materiala da, trinkoki pilatuta dagoena erle abaraska forma eratuz (hexagono forma) eta atomo baten lodiera duena.

Zergatik  du grafeno izena?
Bere egitura grafitoaren oso antzekoa da. Honetan hiru kapa daude; grafenoan, berriz, bakarra dago eta propietate desberdinekin. Orduan:

GRAFITO + ENO= grafeno

Teknika desberdinak daude pantaila hauek sortzeko, bere funtsezko nolakotasunak mehetasuna, malgutasuna eta erresistentzia dira. Baina propietate nagusia malgutasuna da.




Plakatxo sinple edo grafeno tira txikitxo bat iratzargailu, ordulari, egutegi edo eguzki zelula bat bezala erabili daiteke, bere flexibilitateak pultsera edo pantaila bezala erabiltzea ahalbidetzen baitigu. Zer deritzozu eskolako azterketen batera honako erloju bat eramateari? Gainerako ikaskideen bekaizkeria eragingo luke, ezta?


 



 Gainera, beste sustantzia kimikoekin konbinatzeak, ahalbide handia ematen dio:

·               - Grafenoaren elektroiak gainerako materialen elektroiak baino askatasun handiagoz higitzen dira.

·             - Hain da gardena eta dentsoa, non helio atomoak (txikienak direnak) ezin baitute zeharkatu.

30eko hamarkadan deskribatu egin zuten baina 2010eko Nobel Saria Andre Geim eta Konstantin Novoselov grafenoan espezializatutako zientzialariei eman zieten beraien aurkikuntza harrigarriak zirela eta. Ia ezaguna ez den material hau gero eta garrantzi handiago hartzen ari da edo hartuko du gure gizartean, oinarrizko teknologiak asaldatuko dituelako. Zenbait jakintsuk, grafenoak silizioa baztertu eta bigarren iraultza teknologikoa eragingo duela azaltzen dute.

Baina hau ez da hemen bukatzen, Nanoteknologiak zenbait ustekabe ezkutu ditu; izendatuz gero, zientzia fikzioa irudituko zaizuela uste dut.

·         - Arropan haustura bat izanez gero, bere kabuz konpontzea.
·         - Roboten erabilpena osasun egoerak hobetzeko, tumoreak aztertzeko...
·         - Gihar artifizialak grafenoz eginda.


Gezurra badirudi ere, munduko herrialde garatuenak milaka milioi dolar inbertitzen ari dira ikerketa hauetan, grafenoa etorkizuneko klabea delakoan.



Uxue MAGAÑA
DBHko 4. MAILA
SARRERA HONEK 1. #KULTURAZIENTIFIKOA JAIALDIAN PARTE HARTZEN DU

2014(e)ko martxoaren 28(a), ostirala

Unibertsoaren sorrera eta amaiera

Unibertsoaren sorrerari buruzko teoria asko daude, bata bestea baino harrigarriagoa eta sinestezinagoa. Halere, teoriarik onartuena Big Bangaren (Eztanda Handia) teoria da. Izan ere, XXI. mendeko teknologiarekin erraz frogatu dezakegu teoria hau dela fidagarriena. Baina, ezin ditugu beste teoriak baztertu; Big Banga okerra izan daiteke, eta beste teoria hauetako bat, zuzena.

Edwin Hubble astronomo estatubatuarrak (1889-1953) eman zion bizitza teoria honi, unibertsoa etengabe zabaltzen ari dela ikustean. Galaxia guztiak guregandik urruntzen zirela ikusi zuen. Izan ere, galaxia guztiak ari dira beraien artean separatzen. Nola jakin zuen Edwinek hau? Ba, instrumentu bereziak erabiliz, galaxia guztiak kolore gorrixka zutela konturatu zen. Doppler efektuak dionez, objektu bat hurbiltzean, urdinxka ikusten da (gizakion begiak ez du hautematen, baina teleskopio eta beste instrumentu batzuk bai), eta urruntzean, gorrixka.

Hau jakinda, Hubblek ondorio interesgarria atera zuen: galaxiak elkarren artean urruntzen ari badira, denboran atzera eginez, elkartuz joango lirateke, eta, azkenean, guztiak puntu txiki berdin batean izango genituzke.

Eta hau da Big Bangaren teoriak esaten duena, hasieran, dena puntu mikroskopiko berdinean zegoela. Unibertsoko materia eta energia guztia, atomo bat baino txikiagoa den leku batean.
Momenturen batean, duela 13.700 milioi urte, “eztanda” egin zuen. Gaur egungo ezagutzekin, unibertsoak segundo frakzio bat zuenetik gertatutakoa jakin dezakegu. Unibertsoaren hasieratik (orduan hasten da denbora (t); t=0 bezala ezagutzen da), une horretara bitartean gertatutakoaz ez dakigu ezer. Segur aski, hasierako materia puntu horrek ez zuen eztanda egin; azkar-azkar puztu zela uste da. Honi singularitate deritzo.

Dakigun lehenengoa segundo baten bilioirenaren bilioirenaren bilioirenaren hamar milioiren bat eta gero pasatakoa da. Orduan, grabitatea agertu zen. Jarraian, elektromagnetismoa eta indar nuklearrak eratu ziren. Apur bat geroago, unibertsoa 10.000.000.000.000.000.000.000.000 aldiz handiagoa zen, hau da, 100.000 milioi argi urteko diametroa zuen.

Unibertsoaren lehen segundo eta minutuetan, presioa eta tenperatura izugarriak ziren. Hainbeste energiarekin, etengabe sortzen ziren materia partikulak eta antimateria partikulak (antipartikulak partikulak bezalakoak dira, baina kontrako kargarekin. Adibidez, protoi (+) baten antipartikula antiprotoi (-) bat izango da.). Hau da, erlatibitateak dion bezala, energia kantitate bat masa sortzeko erabili zen. Baina, materiak eta antimateriak, elkartzean, batak bestea suntsitzen zuen, argia sortuz.

Unibertsoa handitzen zihoan heinean, dentsitatea eta beroa galdu zuen. Honen erruz, jada ez zen materia eta antimateriarik sortzen. Dagoeneko bazeuden partikula eta antipartikulak elkar suntsituz jarraitu zuen. Bien arteko guda honetan berdintasuna egon beharko luke, baina ez zen horrela izan. 10.000.000.000 partikula talde bakoitzak 10.000.000.000 antipartikula talde bakoitzarekin talka egin ondoren, partikula bat atera zen “bizirik”. Eskerrak, partikula garaile horretaz gaudelako osatuta, bai eta gainerako guztia ere. Bariogenesia bezala ezagututako prozesu honen amaieran, galaxiak sortzeko behar bezainbeste partikulaz eta argiz (partikulen eta antipartikulen arteko elkarketetan sortua) beteriko unibertso bat aurki genezakeen.

Unibertsoak 3-20 minutu zituenean, bertako egoerak, esan bezala, muturrekoak ziren. Dagoeneko, partikula gutxi horiek elkartu ziren, lehen hidrogeno atomoak sortua. Hidrogeno guzti hau fusionatzen zen, helioa sortuz, unibertso osoa izar handi bat izango balitz bezala. Minutu gutxitan, unibertsoko materiaren %25 helio (eta beste elementu pisutsuago batzuk) bihurtu zen; unibertsoko materiaren %75 hidrogenoa zen. Gaur egun, izarrek antzeko osaera dute, baina elementu pisutsuagoak sor ditzakete. Horrela, Lurra bezalako planetak eta bizia sor daitezke. Aipatutako prozesu honi nukleosintesia deritzo.

Halere, sortutako atomo hauek ez zuten asko irauten. Unibertsoko tenperatura altuek nukleoak eta elektroiak separatzen zituzten. Argiak etengabe jotzen zuen kargadun partikula hauen kontra, eta honek unibertso ilun bat ekarrarazi zuen. Baina, 380.000 urte igaro ondoren, unibertsoa hoztu egin zen, eta partikulek abiadura moteldu. Orduan, nukleoak eta elektroiak elkartu ziren, behin betirako atomoak sortuz. Orain, argiak ez zituen partikula kargatu solteak aurkitzen, eta unibertsoa argiz bete zen. Honi materiaren eta argiaren arteko banaketa esaten zaio.

Argi hau egon baino lehenago ez zen ezer ikusten. Beraz, behatu dezakegun unibertsorik gazteenak 380.000 urte izango ditu, orduan ateratzen delako lehen aldiz argia.

Lehen izarren jaiotza unibertsoak 400 milioi urte zituenean gertatu zen. Materia-argi banaketaren eta momentu honen arteko garaiari Aro Ilun deritzo. Izena ez da oso egokia, izan ere, ikusi dugun bezala, unibertsoa argiz beteta zegoen. Baina, astrorik ez egotean, argiak ez zuen ezeren kontra talka egiten, beraz, ezin da garai honetako ezer ikusi. Unibertsoa ez zen iluna, baina gardena zen.

Bitartean, grabitateak bere lana egiten zuen. Aurretik sortutako materia ez zegoen modu homogeneoan banatuta. Horrela izan balitz, grabitateak indar berdinarekin tirako zuen alde guztietatik, beraz, ezin izango ziren astro handiagoak sortu. Baina, unibertsoa ez zen guztiz homogeneoa. Homogeneotasun falta hauek handituz joan ziren grabitatearen eraginez, lehen izarrak sortuz. Hauek taldetan elkartuz joan ziren, gaur egungo egitura lortu arte.

Hau da unibertsoaren sorrerari buruz dakiguna. Unibertsoaren amaierari buruz gutxiago dakigu. Teoria onartuenak hiru aukera aurkezten ditu:

1.           Unibertsoaren zabaltze abiadura oso motela baldin bada, grabitateak gelditu egiten du, eta prozesua kontrako norabidean gertarazten du. Hau da, unibertsoa txikitzen joango da, dena puntu txiki-txiki batean kolapsatu arte. Hau Big Crunch bezala ezagutzen da.

2.         Unibertsoaren zabaltze abiadura oso azkarra baldin bada, grabitateak ezin du geldiarazi; unibertsoa betirako egongo da zabaltzen. Astro bakoitza besteengandik asko urrunduko da, eta gero atomo bakoitza besteengandik askatuko du. Azkenean, milaka argi urtez separatutako partikula multzo hotz bat izango da unibertsoa.

3.       Zabaltze abiadura tartekoa bada, berriz ere, unibertsoa betirako egongo da zabaltzen. Halere, gero eta abiadura motelagoan egingo du, baina inoiz ez da nuloa bihurtuko.

Gure unibertsoa hauetako zein den jakiteko, materia kantitateri begiratu behar zaio. Ikerlarien
ustez, gure unibertsoa 2. motatakoa da.

Unibertsoaren sorrera eta amaierari buruz teoria polit ugari daude. Batzuen ustez, unibertsoa oszilatzailea da. Zabaltzen doa, eta, puntu goren batera iristean, txikitzen doa. Gero, berriz hasten da prozesua. Interesgarriena txikitzen denekoa da. Prozesuaren zati honetan, denbora alderantziz doa; ondorioak efektuak baino lehen gertatzen dira, etab. Beste batzuen ustez, gure unibertsoa beste handiago bateko partikula txiki bat baino ez da, eta hau hurrengo baten partikula bat… Baina alderantziz era bai: gure unibertsoko partikula bakoitza, unibertso oso bat da. Gu unibertso txiki askoz osaturik gaude, orduan.



Antzinatik, gizakiak beti jakin izan nahi du unibertsoaren sorrerari buruz. Kultura bakoitzak bere interpretazioa egiten du, askotan erlijioari lotutakoa. Niretzat interesgarriena hinduismoak egiten duena da.

Hinduistek denbora eskala asko dituzte, eta batzuk egungo eskala astronomikoekin bat egiten dute. Egun eta gau normalez gain, Brahmaren eguna eta gaua dituzte. Bakoitzak 8.640 milioi urte irauten du, hau da, Eguzki Sistemaren adina baino gehiago, eta ia-ia unibertsoaren adinaren erdia.

Beraien ustez, unibertsoa ez da jainko baten ametsa baino. Amets jainkotiar honek 100 Brahma urte irauten du (hau da, 36.500 Brahma egun), eta, gero, jainko hori esnatzen da. Aldi berean, unibertsoa desagertzen da. Baina, beste Brahma mende bat igaro ondoren, jainkoa berriro lokartzen da, eta unibertsoa berriz ere sortzen da. Ziklo hau betirako errepikatzen da…
Guzti honi buruz teoria eta kontakizun asko daude, baina egi hutsa gogorra eta latza da: inork ez daki, ziurtasun guztiz, noiz eta nola sortu den unibertsoa, eta are gutxiago nola amaituko den! Halere, ikertzen jarraitu behar da. Misterio honen erantzuna lortzeak gizadiaren galdera bat erantzungo du behin betirako: nondik dator unibertsoa?

Eneko LEKAROZ

DBHko 2. maila

Sarrera honek 1. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du


2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

 GARAI GOGORRA ESPAINIARENTZAT
1939 – 1975

Denok ezagutzen dugu, edo entzun dugu zerbait behintzat Francoren diktaduraren bihozgabekeriari buruz. Nor sartu da Espainiaren bihotzeraino Franco bezain gogor? Lehenik eta behin, botere guztiak bereganatu, estatuko buru bihurtu eta armada guztia kontrolpean izan zuen. Hortaz, historian zehar garatuz joan zen eta ia berrogei urte iraun zuen diktadura frankista jasan behar izan zuten gure aiton-amonek eta gurasoek.

Diktaduraren aurreko egoera  (1937 - 1939)

Gerra Zibilaren amaieran (1937), Franco ekialdeko fronterantz abiatu zen, errepublikarren lurraldeak zatituz. Egoerari aurre egiteko, errepublikarrek armada frankistaren atzeraguardia eraso zuten. Orduan, Ebro ibaiko gudu odoltsua gertatu zen eta horren ondorioz, errepublikarren armada suntsituta geratu zen.

Errepublikaren porrotarekin, nazionalek Bartzelona hartu, Madrilen sartu eta gerra amaitutzat jo zuten.

Gerra Zibilaren ondorioak negargarriak izan ziren, ia milioi erdi hildako izateaz aparte, herritar asko erbestera joan behar izan ziren Espainian zegoen egoeratik ihes eginez.

Hain ondo ezagutzen dugun herrialdea guztiz hondatuta geratu zen.
                  
Argazki honetan ikusten dugu nola geratu zen Gernika guztiz suntsituta Hitlerrek botatako bonben ondorioz, Francok agindua eman ostean; populazio zibilaren aurkako ikarazko bonbardaketak. Hauen helburuak Hitlerrek bonbekin frogak egitea eta Francok bere erregimenaren aurka zihoazen biztanleak hiltzea ziren.

Diktaduraren ezaugarriak

Francoren diktadurak hainbeste irautea ez zen kasualitate bat izan. Ezarritako errepresio gogorra eta izandako laguntzek zerikusirik badute.

Botere guztiak bereganatu ostean, buruzagi eztabaidaezina zen Franco, eta ezizen hauekin ezagutzen zuten: Espainiako Kaudilloa eta Armaden Generalisimoa.

Hauek izan ziren Francoren diktaduraren ezaugarrietako batzuk:

    Espainiak askatasuna guztiz galdu zuen, alderdi politiko bakarra onartuz: FET y de las JONS,  errepublikaren aurkako indarrak hartzen zituena. Honekin, adierazpen nazionalista ere debekatu zuen, Katalunia eta Euskadiko autonomia-estatutuak indargabetuz. Honela, herritar guztiak kontrolpean zituen.

    Gainera, Gerra Zibilean laguntza eman zioten gizarte-sektoreak babestu zituen diktadurak, haien egoera sendotuz eta botere handia eskuratuz. Armada, eliza katolikoa eta lur-jabeak edo enpresaburuak izan ziren frankismotik etekin bat atera zuten goi-mailako klaseak.

    Errepresioa ere lagungarria izan zen Francok ezarritako diktadurarako. Honek errepublikarrengan izan zuen eragina batez ere: atxiloketak, torturak, kartzelaratzea eta exekuzioak.

    Horretaz aparte, gaztelania ez ziren hizkuntza guztiak debekatu egin ziren. Baita argitalpenak eta filmak zentsuratu ere.

    Azkenik, sinbolo faxistak ere ezarri zituen; hala nola, erromatarren erako agurra.
                                               

                                                                Frankisten agurra

Faxismo eta miseria urteak  (1939 – 1945)

Frankismoko lehenengo urteak gogorrenak izan ziren, Franco erregimen faxista ezartzen ahalegindu baitzen, Italiaren antzekoa.

1941ean, Dibisio Urdina izeneko soldadu boluntarioen ejerzitoa sortu zuen, Alemanian Hitlerri laguntza emateko. Baina, aliatuen garaipenak zirela-eta, Francok Espainia gatazkatik aldentzea erabaki zuen. 
                                                                                                 Franco Hitlerrekin
Gainera, autarkiaren (herrialdea autosufiziente bihurtzeko ahaleginaren) porrota zela eta, Espainiako ekonomia ez zen biztanleen beharrak asetzeko gai izan, egoera kezkagarria zen.

Gauzak horrela zeudela, gero eta hiritar gutxiago zeuden, eta biztanle ugari beren herrietara itzuli behar izan ziren. Espainia nekazari-herrialde bihurtuz.

Erregimenaren sendotasuna  (1945 – 1959)

Bigarren mundu gerra amaitzean (1945), garaileak (aliatuak) frankismoa desegiten saiatu ziren. Horretarako, nazioartean diktadura bakarrik uztea erabaki zuten eta Espainia ez zen NBEn onartua izan.

Hala ere, egoera aldatu egin zen Gerra Hotzarekin. AEBk frankismoa antikomunistatzat hartu zuen, eta horrela bere aliatua bihurtu zuen. Frantziako muga berriro ireki zen eta NBEn onartua izan zen.

Baina nazioarteko egoera berriaren ondorioz, Francok aldaketak egin behar izan zituen gobernuan:

    Erregimeneko alderdi faxistenak ezabatu.

    Erromatar moduko agurrak nahitaezkoa izateari utzi zion.

    FET y de las JONS Mugimendu Nazional bihurtu.

    Sistema politikoa demokraziatzat hartu. Nahiz eta diktadura gogorrak iraun.


Zorionez, 50eko hamarkadan, ekonomia pixkanaka hazi egin zen, Opus Dei izeneko talde katolikoak ekonomia garatzeko irizpideak ezarri zituen, eta horrela, teknokrata deitzen zitzaien. Egonkortze-plan bat prestatu eta ordutik aurrera, Espainiako ekonomia inguruko herrialdeen sistema kapitalistara hurbildu zen.


60ko hamarkadako aldaketak

Hamarkada berri honetan, ekonomia nabarmen hazi zen Espainian, baita gizartea modernizatu ere. Hala ere, zoritxarrez berdintasunik eta demokraziarik gabe jarraitzen zuen.

Ekonomia-hazkundeak, bi oinarri nagusi izan zituen:

    Industriak %7 baino gehiago handitu egin zuen bere ekoizpena.

    Turismoa bihurtu zen Espainako jarduera ekonomiko garrantzitsuenetariko bat.

Hala ere, ekonomia-hazkunde hori, desorekatua izan zen. Aldaketa ekonomikoaz gain, aldaketa demografikoa ere nabarmendu zen.

    Biztanleria izugarri hazi zen, baby boom deritzon fenomenoaren eta heriotza-tasa txikitzearen ondorioz.

    Espainia herrialde hiritarra bihurtu zen berriro.

Garai gogorren amaiera

60ko hamarkadako ekonomia-hazkundearekin batera, frankismoaren aurkako mugimenduak nagusitu ziren. Alderdi Komunistak nazioan diktaduraren aurka zeuden alderdi guztiak batu zituen. Horrez gain, oposizio berriak ere sortu ziren: auzo-mugimendu bat, ikasleen mugimenduak, Langile Komisioak...

Aldi berean, mugimendu terroristak abiatu ziren ere, indarkeria erabiltzen zutenak: GRAPO, FRAP eta ETA. Hauek, 60ko hamarkadan hasi ziren atentatuak egiten.

Gehitu epigrafea
Oposizioarekin batera, erregimenaren azken urteetako krisia ailegatu zen.

    1973. urtean, petrolioaren krisia, enpresen itxiera eta langabezia berarekin ekarriz.

    Krisia zela-eta, gizartean haserrea nagusitu zen, grebak nabarmenduz.

    Horrez gain, erregimenaren krisi politikoa ari zen gertatzen, Francoren osasuna okerrerantz zihoan aldian. Hortaz, estatu buruaren oinordeko izendatu zuen Juan Carlos Borboikoa, eta geroago, Luis Carrero Blanco jarri zuen gobernuko buru. Baina, ETAk azken hau hil egin zuen.

Hainbat arazo zirela-eta, Franco errepresioa erabiltzen hasi zen, batez ere ETAko eta FRAPeko kideetan.

Horrekin batera, Saharak independentzia aldarrikatu zuen, frankismoaren krisi-egoera aprobetxatuz, Martxa Berdearen bidez.


Egoera gatazkatsu horretan hil zen Franco, 1975eko azaroaren 20an.


Diktaduraren ondorioak

Azken urteetan izandako ekonomia-hazkundeak guztiz aldatu zuen Espainiako gizartea. Industriak indarra hartu arren, alde handiak zeuden oraindik goi eta behe-mailako biztanleen artean. Bizitza-maila hobetu bazen ere, zerbitzu publikoak urriak ziren oraindik eta kultura-maila oso apala zen. Honek ekonomia-hazkundea geldiarazten zuen.


Hauek, garai gogorrak izan ziren, batez ere Espainiako behe-mailako biztanleentzako. Francoren diktadura sakon aztertu ondoren esan dezaket badakidala XX. mendeko espainiarrek sentitutako sufrimendua. Azkenik, espero dezakegun bakarra garai hauek berriz ez errepikatzea da, ez Espainian ez beste herrialde batean. Mundua zaindu beharra dugu, hainbat pertsonak okertu nahi izan badute ere, Franco ahalegindu zen bezala.


SARRERA HONEK 1. #KULTURAZIENTIFIKOA JAIALDIAN PARTE HARTZEN DU



2014(e)ko martxoaren 25(a), asteartea

ANDERE MACBETH, LOREAREN BARRUAN DAGOEN SUGEA

Literaturaren historian zehar, heroiak eta antagonistak gizonak izan dira beti. Heroi ausart eta galantak eta haien aurkari gaizto eta maltzurrak. Emakumeak atzean geratzen ziren, haiek salbatuko dituen gizonaren zain. Hala eta guztiz ere, historian zehar zenbait autore berdintasunaren alde frogatu dira, Shakespeare, haien artean. Macbeth izeneko bere antzezlanean aurkitzen dugu Macbeth Anderea, protagonistaren emaztea. Artikulu honetan haren senarrarekiko influentzia aztertuko da eta nola bere botereak aldatzen diren istorioan zehar.

Macbeth Anderearen lehen agerpenetik, bere antolakuntza ahalmenen lekuko gara. Bertan, Macbethen garaipenaren eta sorginen profeziaren ostean, gutun bat jasotzen du; bertan bere senarrak berri onak aitortzen ditu. Macbeth Andereak, orduan, bere planeatzeko gaitasuna erakusten du, erregeaz nola libratu daitezkeen planeatuz. Haren hitzak pentsarazten digu eragin handia duela Macbethengan, ez bakarrik plana egin duelako senarraren baimena gabe, baita erabiltzen dituen hitzengatik ere, berari buruz hitz egitean: “Andikeria be ba-dok ik izan, baña bide gaiztorik artzeke. Ik ire gurari bizia onez iritxi gura enduke; ez enduke gura txakurkeririk, baña a ta guzti be makurkeriz irabazi gura enduke ik. Ator ona arin, ire belarrietara nire adorea eralgi dagidan.

Argi geratzen da Macbeth Andereak edozer egingo zuela bere senarraren nahia betetzeko; gainera, benetan sinesten du Macbeth ez dela gai izango Duncan hiltzeko hark horretara bultzatzen ez badu.

Obra aurrera doala, Andere Macbethen botereak hazten dira, baita bere kemena ere. Ez zuen dudarik izango berak bere eskuez Duncan hiltzeaz:Lo egoala nire aitaren antza artu ez ba'neuntso, neuk egin izango neban.

Lehenago, Andere Macbethek iradokitzen du nahiago zuela gizon bat izatea, emakumeak kontsideratzen baititu sexu ahula, nahiago dutelako bigun izan krudel baino.

Ken egistazue emetasuna ta buruko ertzetik beatzetararño bete nagizue biotz-gogortasunik itzalenez!” Ironikoki, obran ikus daiteke generoen betiko eginkizunak eta ezaugarriak aldatuak daudela, Andere Macbeth izanez indartsuena bien artean.

Duncan hilda dago, Macbeth errege da, baina dena suntsitzen ari da, Andere Macbethen influentzia bezala. Macbethen burua hilketen eta odolen ideiaz beterik dago eta gero eta atentzio gutxiago ematen dio inguratzen duenari, bere emazteari barne. Hala eta guztiz ere, Macbeth mamuari aurre egitean, oturuntzaren erdian, bera da egoera kontrolpean hartzen duena, senarrari eta gonbidatuei tratu egokia emanez. Yaramon andirik egin ba'dagiozue, min emongo dautsazue ta aldiena luzatu (-gonbidatuei) Gizon ete zara? (-Macbethi)”.

Macbeth-i zuzendutako azken esaldi horretan iradokitzen du bere beldurrak ez dutela zentzurik.

Azkeneko zatian, Andere Macbethen agerpena dramatikoa da. Azkenean, bere bekatu guztiak bueltan daude emakume gaixoari jazartzeko. Bere barruan bakarrik damua sentitzen du. Lo-ibiltari bihurtzen da, eta bere ibilaldietan saiatzen da bere burua garbitzen, eskuak hilaren odoletik garbitzen. Lehen aldiz, Andere Macbethek kontrola galtzen du, ia-ia izu-krisi bat izanez. Ez ete dira eskuok eguño garbituko? (…) Zure ikaratze orregaz dana galtzen dozu alperrik.  Hortik gutxira, bere buraz beste egiten du, ezin duelako atsekabea gehiago jasan. Bere heriotza bitxia da, Andere Macbethek iragarri baitzuen horrelako zerbait gertatuko zela, Duncanen hilketaren ondoren: Onango egitadai ez yakie onan erago bear, ostean zoratu egingo yaku.

Laburbilduz, Macbeth Anderea, Macbeth txontxongiloa kontrolatzen duen pertsona dela frogatu da aseki, bai eta obran zehar bere aginteak gorabeherak dituela ere, heriotzera arte. Horren ondorioz, esan daiteke bera dela lanaren benetako elementu nagusia eta antagonista, nahiz eta liburua XVII. mendekoa izan. Horrek esperantza pixka bat ekartzen du literaturara eta emakumeei orokorrean, emakume bat protagonista izan daitekeela jarrera pasibo bat agertu gabe, Andere Macbethek erakutsi duen bezala. Bere pertsonaia esaldi batean laburbildu daiteke, berak erabili duena bere senarra izan behar denaz hitz egitean: Lora errugearen antza azalean, baña suge zitala barruan.

*Oharra: obraren aipuak Euzko-Gogoa izeneko aldizkaritik ateratakoak dira (1957) eta Bedita Larrakoetxearen Macbethen itzulpenetik.

Leyre VERAS

DBHko 4. maila

SARRERA HONEK 1. #KULTURAZIENTIFIKOA JAIALDIAN PARTE HARTZEN DU

2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena

ANTZINAKO ARTE MOTA INTERESGARRIENAK

Artea, errealitatea edo adimena adierazteko metodoa da. Historian zehar, hainbat arte mota egon ohi dira, adibidez greziarra, erromanikoa, erromatarra...

Antzinate klasikoko eta Erdi Aroko gizartearen iritziz, artisauak ziren benetako artistak. Haiek modu praktiko batean edozein motatako objetuak egiten zituzten gero aristokraziako jendeak erabil zitzan. Geroago, Errenazimenduan, gauzak aldatzen hasi ziren. Orduan, zabaldu eta zehaztu zen artea eta lehen aldiz miretsi egin zen artista.  XVIII. mendean, Arte Ederretako akademiak sortu ziren. Akademia horiek, eragin handia izan zuten artistengan eta arte autonomoaren bila abiatu ziren. XIX. mendean abangoardiako artistak eskaintzen duenaren eta jendearen gustuaren arteko haustura gertatu zen. Ordura arte, mezenasek eginiko eskaria egiten zuen artistak baina ordutik aurrera, bere kezka, ideologia edo premiei erantzungo zion lanetan nahiz eta gizarteak mespretxatua izan. Inpresionismoan, arte sendoaren autonomia lortu zen eta lanak edertasuna eta arte-forma jakin batzuekin lotzen hasi ziren. Horrela joan zen garatzen artea.

Gaur egun, Goi Paleolitoko artea iritsi zaigu. Oso ezagunak dira, batez ere Euskal Herrian, haitzuloetako pinturak  edo kultura megalitikoan eraikitako menhirra, dolmena eta cromlech-a. Menhirra, harri luze handia da. Dolmena, berriz, lurrean zutitutako harri handi batzuek eta haren gainean jarritako harriak eratzen dute eta hilobi bezala erabiltzen zuten. Azkenik, cromlech-a, harri  handiz eraturiko zirkulu bat da.



Geroago, arte greziarra etorriko zen, arte minostarra eta mizenastarra aurrekarri bezala dituena. 
         Arte minostarra, k.a. 3000- k.a. 1400 urteetan garatu zen Kreta uhartean. Ekonomiaren aldetik oso leku estrategikoan kokatuta zegoen hiria, beraz, komertzio aktibitate handia zegoen. Jauregi handiak eraikitzen zituzten baina ez zuten plano konkreturik jarraitzen. Hori zela eta, eraikin laberintikoak eraikitzen zituzten, Knossos, Faistos eta Haiga Triada adibidez.

         Arte mizenastarraren gauzarik garrantzitsuena Megaron izeneko palazio antzeko asmakuntza da; tenplu grekoaren aurrekaria.

Arte graziarra, arkitekturan eta eskulturan banatu dezakegu.

Arkitekturan, edertasunaren kontzeptu klasikoa erabiltzen zuten, hau da, oreka, harmonia eta proportzioa egon behar zen. Arkitrabe-estalki sistema eta zutabeak erabiltzen zituzten. Hiru zutabe desberdindu ditzakegu, doriarra, joniarra eta korintiarra.


Normalean, marmola edo harria erabiltzen zuten eta eraikitzen zutena tenplua zen, naos, pronaos eta opistodomosarekin.

         Naos, jainko edo jainkosaren estatua edo erreferentzia egiten zion gela da.
         Pronaos, atari modukoa zen.
        Opistodomos izeneko gelan, jainkoari egiten zitzaizkion eskaintzak gordetzen ziren.

Jainkoaren etxetzat zuten greziarrek, haren irudia gordetzen baitzen barruan, eta apaiz gutxi batzuk baizik ez ziren hartan sartzen.

Antzokiak, herriari antzezpenak egiteko erabiltzen ziren; normalean, erlijio-izaerakoak ziren eta orkestra, eszena eta harmailak osatuta zeuden.

Baita, santutegiak eta hiriak eraiki zituzten. (Hiriak akropoli bezalakoak ziren, agora eta stoarekin). Garai honetako eraikin nagusienak Partenon izeneko tenplua edo Epidauroko antzokiak dira.



Eskulturan, lau garai bereiz dezakegu. Lehenengoa, Aro Arkaikoa (k.a. VI-V. hasiera): forma geometrikoak, estereotipatuak eta zakartasuna erabiltzen zituzten. Naturalismoa bilatzen zuten. Haien obrak, Kuoros eta Kore izeneko eskulturak ziren.


Bigarrena, Lehenengo Klasizismoaren izenaz ezagutzen dugu. K.a. V. mendearen bigarren erdian kokatuta dago. 

Naturalismoa bilatzen zuten, batez ere gorputzetan eta janzkeretan eta aurrekoan bezala, harmonia eta oreka osotasunean bilatzen zuten. Polikletoren lehen kanona sortu zen, hau da, gorputzaren garaierak, buruaren halako zazpi izan behar zituen. Begitarteen adierazkortasunik eza zegoen eta gorputza guztiz egokiaren proportzio ideala zuten. Hemengo eskultura ezagunena, Mirongo Diskoboloa da.




Hirugarrena, Bigarren Klasizismoa da eta K.a. IV. mendearen amaieran kokatzen dugu. Garai honetan, gorputz sensualagoak, finagoak eta estilizatuagoak egiten hasi ziren eta Praxitelesen kurba sortu zen, hau da, gorputzak kurbaturik eraikita zeuden. Eskultura nabarmena Praxitelesen Knidoko Afrodita da eta haren kurba argazkian ondo ikusiko da.

Azkenekoa, Helenismoa, K.a. IV. mendearen amaieratik I. mendera arte kokatzen dugu. Forma eta konposizio dinamikoago, sentsual eta adierazkorragoak egiten zituzten nahiz eta batzuetan molde klasikoa mantendu. Miloko Venus da garrantzitsuena eta famatuena.

   

Geroago, arte erromatarra etorri zen eta etruskoak arte mota honen aurrekariak izan ziren Toscanan. Nabaria zen haien artelanetan greziarren eragina, baina berezko ezaugarriak ere bazituzten. Hileta-erritu eta ehorzketekin loturiko artea zen; tumulu itxurako hilobi handiak egiten zituzten batez ere. Asimilatuz joan ziren erromatarrak etruskoak V. mendetik aurrera eta etruskoak eragin handia izango zuten erromatar artean.

Arte erromatarra lau zatitan banatu dezakegu: Arkitektura, eskultura, pintura eta mosaikoak.
         Arkitekturan, praktika erabiltzen zuten guztien gainetik, hau da, edertasuna lortzeko, praktikoa izan behar zen. Greziarren ordenak erabiltzen zituzten (jonikoa, dorikoa eta korintiarra) baina baita toskanoa eta konposatua ere eta dena, adreiluaz, harriaz edota zementuaz eginda zegoen. Eraikinak estaltzeko, gangak eta kupulak egin zituzten, erdi puntuko ganga, ertz ganga edota maskorren gaineko kupula adibidez. Arkitekturan eraikin asko sortu zituzten; antzokiak, anfiteatroak, zirkuak, termak, arkuak, basilikak... Garai honetako garrantzitsuenak eta famatuenak honako hauek dira;

1.      Flaviotarren Anfiteatroa edo Koliseoa, Erroman kokatuta eta I.mendean eginda. Jatorriz, itsas guduak egin zitezkeen eta horretarako jolastokia urez estaltzen zen. Geroago lurpean hainbat gela zabaldu zituzten, animalien kaioletarako eta dekorazio apaingarrien biltegietarako. Igogailuen bitartez goratzen zituzten eszenatokiraino eta eszenatokia zurezko plataforma bat zen, hareaz estalia.






2.      Segoviako akueduktua. I. eta II. mendeen artean eraiki zuten. Hiritik 17 kilometrotara zegoen ura hirira eramateko. Ubidearen zati batzuetan, malda %1ekoa baino ez da. Lan honen zatirik ikusgarriena arku bikoitzeko egitura batek osatzen du, eta egitura horretako blokeak granito eta kareaz lotuak daude eta goiko arku sailaren gaineko atikoan dago ura eramaten duen bidea.



Eskulturan, bi joera eman ziren. Italiarra eta helenizatua.
      Italiarrean, erretratuak egiten zituzten eta naturalagoak ziren.
     Helenizatuan berriz, forma idealizatuagoak egiten zituzten. Erliebe historikoak egiten zituzten garaipen-arkuetan edo oroitzapen-zutabeetan, beraz, helburu narratiboa zuten. Adibide asko ditugu baina bi dira aipatzekoak:


Augusto Prima Portakoko eskultura. Marmol zurian zizelatua dago eta irudi helenizatzailea da, beraz, idealizatua. Irudia guztiz klasikoa da zeren ez baitu espresiorik. Polikletoren kanonean inspiratuta dago. Augusto imperator gisa azaltzen du; ezkerreko besoaz lantza bati eusten diola eta eskuineko besoa jasota. Korazako erliebeek kosmosaren irudikapen sinbolikoa erakusten dute: eguzkia, jainkoa eta lurra. Eskultura honen azken helburua, Augustok enperadore izateko eskubidea frogatzea eta bere bertute eta arrakasta pertsonalak goraipatzea izan zen.





Trajanoren zutabea, Erroman II. mendean eraikia. Zutabeak 30 metroko altuera du eta Karrarako marmolean egina dago. Zutabearen gainean urre koloreko brontzezko eskultura bat zegoen, enperadore jainkotuarena. Daziarren kontrako kanpaina kontatzen du zutabearen fustean. Narrazioaren segida ulertzea da helburua, beraz, ez da garrantzitsua aurkezturiko irudien zuzentasuna.

Pinturan bi teknika erabili zituzten, enkaustoa eta freskoa.
      Enkaustoan, argizariaren bitartez pintura nahasten da eta horrekin margotzen da.
      Freskoan, koloreak ura eta kareaz nahasten dira gero paretak marrazteko.

Ongi modelaturiko irudiak egiten zituzten eta perspektiba lantzen zuten. Batez ere erretratuak edo gai mitologikoak lantzen zituzten eta haien estiloak hainbat izan ziren; inkrustazio bidezkoa, arkitektura elementuak imitatzen zituen estiloa, arkitektura formak eta eszena landuagoak imitatzen zituena eta antzerki giroko estiloa. Adibide bezala ditugu Misterioaren billako freskoak, Ponpeian kokatuak, edo Al Fayumgo erretratuak Egipton. (Argazkiak Al Fatumgo erretratuak dira)

Bukatzeko, mosaikoak ditugu eta hormetan, lurrean eta zoruetan egiten zituzten. Mosaiko bakoitza miloika tesela txikik osatzen dute (teselak, cm. 1eko marmol zati txikiak dira eta haiek elkartuz irudiak agertzen dira). Honen adibidea Issosko guduaren mosaikoa dugu.

  







Yvet  BLEYE 
@yvetB
Batxilergoko 2. maila

SARRERA HONEK 1. #KULTURAZIENTIFIKOA JAIALDIAN PARTE HARTZEN DU