2015(e)ko martxoaren 31(a), asteartea

Zergatik egiten dute hegan hegazkinek?


Objektu batek hegan egiteko indar bertikal bat behar du igotzeko, eta indar hori pisuaren adinakoa edo handiagoa izan behar da.


Nola sortzen da indar bertikal hori? 

Hegal batek forma berezia dauka, profil aerodinamikoa deritzona; airea igarotzean euskarri indarra sortzen du. Profil honen kurbadurak airea behartzen du abiadura handiagoa izatera goian behean baino; orduan presio ezberdintasunak sortzen ditu, txikiagoa goikoan eta handiagoa behekoan.  


Hau gertatzeko, airea abiadura zehatz batean pasa behar da hegalaren ondoan. 

Zenbat eta abiadura handiagoa izan orduan eta euskarri handiagoa izango da. Orduan beharrezkoa izango da hegazkina aurrerantz bultzatzea trakzio indarrarekin, airearen erresistentziaren kontra, hegalak hegazkinaren pisuari eusteko beharrezkoa den euskarria sortzeko eta igo dadin. 

Euskarri indarra beti perpendikularra izango da profil aerodinamikoarekiko.


Eta hau guztia da berez sekretua…. Trakzioa, airearen erresistentzia, euskarria eta pisua orekan daudenean, hegazkinak hegan egingo du abiadura eta altuera konstante batean. 


Carlos SOROETA
@carlossoroeta
DBHko 4. maila



Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du





Kafkaren metamorfosia ehun urte geroago



2015 honetan badaude literatur arloko zenbait efemeride garrantzitsu: Agatha Christieren Hamar Beltx nobelak 75 urte egin ditu, On Kixoteren bigarren zatiaren argitalpenaren mendeurrena betetzen da aurten eta Kafkaren Metamorfosiarena ere bai. 100 urte betetzen dira Kafkak Metaforfosia idatzi zuenetik. 


XX. mendeko obrarik nabarmenena izan zen, eta surrealismoa eta fantasia hoberen erabili dituen idazle bezala aurkezten dute Kafka. Idazlea oso gazte hil zen, 1931n, 48 urte zituela, tuberkulosiaz. Bere obran zehar ikusi dezakegu zer nolako erlazioa zeukan bere aitarekin, honek beti mespretxatu zuelako. Bere gurasoekin bizi izan zen ia bizitza osoan eta bere aitarentzat Kafka porrot hutsa zen.

Mende oso bat pasa da Gregor Samsa sortu zuenetik eta irakurleak harritu egiten dira oraindik gaur egun liburuaren hasieran pertsonaia labezomorro bihurtuta esnatzearekin. Oso ospetsua da nobela honek daukan hasiera, lehenengo lerroetan Gregor Samsa esnatu zenetik intsektu nazkagarri bihurtuta erakusten baitigu; nahiz eta labezomorro dela esan nobelak ez du inolako momentutan argi uzten. Pertsonaiaren esnatzearekin batera familian pixkanaka-pixkanaka agertzen joaten diren sentimendu eta erreakzioak ikusi ditzakegu, eta familiaren alde ilunenak ere bai.

Vladimir Nabokov errusiar idazleak honako hau esan zuen: Gregor intsektuz mozorrotutako gizaki bat da eta bere familia gizakiaz mozorrotutako intsektuak dira.

Kafkaren Metamorfosia literatura modernoaren funtsezko istoriotzat hartu da. 1912. urtean zehar idatzi zuen Kafkak eta 1915ean argitaratu zen, harrezkero literatura eta pentsamendu europarrean eragina izan duen obra izan da. Kontuan hartu behar dugu Gregoren metamorfosia ez dela mirari bat. Bat-batean gertatzen da eta egoera horretara egokitu behar du. Obra honetan gauzarik inportanteena ez da Gregoren sufrimendua, baizik eta berak familiari eragiten diona bera konturatu gabe.


Elena PÉREZ FERRO
@helen_grace26
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du





2015(e)ko martxoaren 25(a), asteazkena

GIZA BURMUINA ETA ZENBAIT GAIXOTASUN


Gizakien burmuina sistema nerbiosoaren organo garrantzitsuena da. 1,5kg pisatzen du gutxi gorabehera eta emakumeen kasuan cm3 gutxiago betetzen ditu. Gizonen kasuan pixka bat gehiago pisatzen du burmuinak, baina 100g gehiagotan ez dago neurona edo materia gris gehiago, pisu eta tamaina handiagoa izateak ez du zer ikusirik neurona kopuruarekin.


Giza burmuinaren zati handienak kortex zerebral izena du, beste izaki bizidunek ez bezala garatuagoa dugu zati hau, eta horrek izaki arrazionalak bihurtzen gaitu. Zati honetan neuronen konexio gehienak agertzen dira. Neuronak garunean dauden zelulak dira; oso espezializatuak daudenez ezin dira ugaldu eta buruan hartutako kolpe handi batek edo botika batzuk suntsitu  ditzakete. 

Gizakiaren adimena ez da neuronen kopuruan oinarritzen, baizik eta beraien arteko konexioetan. Denok entzun dugu gizakiok bakarrik garunaren %10 erabiltzen dugula, baina hori gezurra da. Barry Beyerstein neurozientifikoak esan zuen bezala, bakarrik parte hori erabiliko bagenu, istripu bat izanez gero ez zuen gure burmuinean eraginik izango. Baina dakigunez, istripu bat izateak edo burmuin osoan kolpe bat hartzeak garunaren funtzionamenduan eragina du, adibidez itsu geratzea, memoria galtzea edo hizkuntzak ahaztea.

Kortexean 4 alde nabaritzen dira: lobulu okzipitala (ikusmen gaitasuna hartzen duena), lobulu parietala (zentzumen prozesamenduak), lobulu tenporala (memoria gordetzeaz arduratzen dena) eta lobulu frontala (jokabidearen planifikazioa egiteaz eta koordinazioaz arduratzen da, edota hizkuntzaz).

Garuna aztertzen duten espezialitate asko daude; neurologia, adibidez. Neurologia garunaren arazoak aztertzen dituen medikuntzaren zatia da. Neurozientzia aldiz, garuna aztertzen duen zientzia multzoa da. Alde abstraktuagoa aztertzen du, adibidez zergatik amesten dugun, edo kontzientziaren munduan sartzen da psikologiaz lagunduta. Garunaren inguruko informazio gutxi daukagu organo oso konplexua delako, hain konplexua non gaixotasun larriak jasaten dituen, oraindik ez dakigunak zergatik agertzen diren eta nola zuzendu.

Gaixotasun neurodegeneratiboek neuronen heriotza areagotzen dute eta gizakiaren jokabidean eragina dute. Alzheimerra, ELA, Parkinsona, Huntingtonen gaixotasuna, dementzia… gaixotasun neurodegeneratiboak dira.

Alzheimerra aurreko mende hasieran aurkitu zen; psikiatra batek, Alois Alzheimerrek, aurkitu zuen 50 urte zituen emakume batengan. Gaixotasun honek neuronen arteko konexioak desegiten ditu, eta sintoma nagusia memoriaren galera da. Normalean, gaixoak diagnostikoa egin eta 10 urte bizitzen dira. Alzheimerra ez da pertsona guztietan berdin gertatzen, baina orokorrean 3 fasetan banatzen da:

Lehenengo fasean pazienteak zailtasunak ditu zenbait hitz gogoratzeko eta gauzak non utzi dituen oroitzeko. Baina oraindik mugikortasuna eta autonomia mantentzen ditu.

Bigarren fasean, gaixoak orain dela gutxi gertatutakoak ezin ditu gogoratu. Eta fase honetan agresiboagoak izaten dira, jarrera aldatuz joaten da. Koordinazioa galtzen dute, eta adibidez botoiak ezin dituzte ondo lotu. Momentu honetan erori ohi dira, eta beste pertsona baten laguntza behar dute, komunera joateko edo eguneroko gauzak egin ahal izateko.

Hirugarren fasean ezin ditu gogoratu ez duela asko gertatu direnak, ez duela gutxikoak eta bere ezagunak ere. Ezin du ulertu besteek esaten dutena, eta hitz gutxi batzuk ondo esaten ditu. Koordinazioa galdu duenez oso gutxi mugitzen da, ez erortzeko, eta ohean gelditzen da normalean. Alzheimerrak ez du hiltzen, beste gaixotasun batzuk hiltzen dute, minbiziak, akats kardiobaskular batek edo arnasketa akats batek.

Gaur egun oraindik ez dakigu zerk eragiten duen gaixotasun hau; zenbait faktorek eragina izan dezakete, adibidez hereditarioak eta ingurugiroarenak.

Parkinsona gaixotasun degeneratibo bat da; nahiz eta garunean zuzenean eragin, gorputzaren mugimenduetan islatzen da. Zenbait sintoma du gaixotasun honek besteetatik bereizteko, adibidez eskuen eta matrailen dardara. Depresioa eta eguneroko ekintzetan zailtasunak ere eragiten ditu. Oraindik ez dauka sendabiderik eta ez dakite zerk eragiten duen normalean. Kasu batzuetan istripu batek eragiten du, baina hori ezohikoa da.

Huntingtonen gaixotasuna 4 kromosomaren akats bat da. Akats hau ADNaren zati baten errepikatzean oinarritzen da. Normalean 10-28 aldiz errepikatu behar da zati hori (CAG deitutakoa) baino Huntingtonen gaixotasunean 36-120 aldiz errepikatu daiteke. Herentziako gaixotasun bat da, eta zenbat eta belaunaldi gehiago igaro, orduan eta errepikatze gehiago ditu eta gaixotasun larriagoa da. Gaixotasunaren sintoma esanguratsuena aurpegi keinu esporadikoak egitea da; baita agresibotasun handia izatea ere. Garunean neuronen suntsiketa eragiten du, eta horren ondorioz, paranoia, haluzinazioak eta psikosia sortzen ditu. Gaur egun ezin da gaixotasun hau gelditu baina zenbat kasutan sintomen murrizketak egon dira. Pazientea ez da autonomoa, horregatik tratamenduak puntu hau hobetzean oinarritzen dira. 


Gaixotasun guzti hauek oso gogorrak dira, bai gaixoarentzat, bai familia eta lagunentzat, horregatik elkarte askok laguntzen dute egoera zail hau jasaten. Esan beharra dago gaixotasun hauek normalean 65 urtetik gorako pertsonei eragiten dietela; antzinako greziarrek beti lotu izan zuten dementzia zahartzaroarekin, eta ez zeuden oker; zenbat eta helduago izan neuronen hilkortasunak gora egiten du. 

IRENE CASADO
@icferreras
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.

2015(e)ko martxoaren 24(a), asteartea

Hondakinak altxorra dira

Egunero kontsumitu eta hondakin bihurtzen ditugun gauzen zerrenda kontaezina da. Hondakin kantitate izugarria sortzen dugu egunero eta hori arazo larria da, egun batean gauzak egiteko materialik gabe gelditu gaitezkeelako. Arazoa benetakoa, globala eta gero eta handiagoa da.



Honek alde ona du; gero eta pertsona gehiagok ikusten dute besteek botatzen dituzten gauzak berrerabiltzeko aukera. Baina alde txarra izan daiteke herrialde aberatsek gero eta hondakin gehiago eramaten dituztela garapen bidean dauden herrialdeetara (askotan modu ilegalean) eta pertsonei eta ingurumenari kalte egiten diete. Munduan 53 milioi tona hondakin teknologiko sortzen dira urtean, eta gehiena beste lurraldeetara esportatzen da. Ingurumen legedirik ez dagoelako eramaten da horra, baina oinarrian arazoa gure kontsumo arduragabe handian eta produktuei etekina ateratzen ez jakitean dago.



Alde onera itzuliz, hondakinak negozio garbia izan daitezke; kudeatu, sailkatu eta birziklatu, hori da egin behar dena. Hau ongi egitea lortzen badugu oso ona izango da gizartearentzako; orain dela 20 urte bezala jarraitzen badugu, munduan baliabiderik gabe geratuko gara eta hau arazo larria da (mineralak, ura, petrolioa…). Arazo hau azkar konpontzen hasi behar dugu. Urte hauetan hobetu egin da birziklatzeko eta gauzak  berrerabiltzeko joera baina oraindik askoz gehiago egin dezakegu. Gainera, hau aukera ona da irtenbide ekologikoak bilatzeko ikerketa eta garapena behar duten, eta lanpostuak sortzeko aukera duten sektoreentzat.
Kontsumitu eta bota ditugun materialak errekuperatu daitezke. Hondakinak baliabideak dira eta ezin dugu onartu zabortegietan lurperatzea edo erraustegietan erretzea. Europar Batzordeak esaten du hondakinak ondo kudeatzen baditugu 72.000 milioi euroko aurrezkia izango duela Europar Batasunak. Hau egia bada 2,4 milioi lanpostu eta 187.000 milioi euroko negozio bolumena sortuko lirateke. Birziklapena iraunkortasuna da eta ez dira egongo aldaketak eta hobekuntzak epe laburrean, baina bai etorkizunean.

Baina hau gure etxeetan hasi behar da, kontsumo arduratsuago batekin. Bakoitzak pixka bat egiten badu hondakin arazoak aldatu daitezke. Gainera, denoi interesatzen zaigu hau, ingurumen arrazoiengatik, lanpostu gehiago egongo direlako eta azkenean gure planeta salbatzeko egiten ari garelako.

Hau da nahi duguna: mundu zabalean materialen erabilera epea luzatzea, berrerabiltzea eta eraginkortasuna hobetzea

Bukatzeko, petrolioaren arazoa aipatu nahi dut. Petrolioa hidrokarburoen bitartez osatutako likido bat da. Leku askotako iturri nagusiena da, Marokokoa, adibidez. Esportatzaile oso onak dira eta petrolioaren bitartez diru asko irabazten dute. Baina non dago arazoa? Azken hamar urteetan hainbat petrolio-ontzi hondoratu dira uretan eta hori gertatu daitekeen gauzarik txarrenetako bat da. Arrain eta izaki bizidun guztiak hil egiten dira. Canariasen horrelako zerbait gertatu zen 2009ko irailaren 22an. Munduko petrolio-putzurik sakonenean, 10.685m lur azpian, zulo bat egin zen eta beranduago milioika litro petrolio gehiago atera ziren animali eta ur guztia kutsatuz. Baliabide garrantzitsu honi ordezkoa bilatu behar diogu.


Irene  BARBÉ
DBHko 4. maila


Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015(e)ko martxoaren 20(a), ostirala

BIOTEKNOLOGIA


Bioteknologia, zalantzarik gabe, azken hamarkadotan aurrekuntzarik ikusgarriena izan duen biologiaren adarra da. Lasterketa honetan, Giza Genoma Proiektuak eginkizun garrantzitsua eta funtsezkoa izan du; izan ere, zientziaren eta teknologiaren arloan orain arte lorturiko aurrekuntzarik handiena izan da. Nahiz eta ingeniaritza genetiko eta bioteknologia hitzek mesfidantza, arriskua eta beldurra eragin pertsona batzuen artean, gizarteak itxaropen asko ditu hauen garapenean jarrita. Arlo hauetan erabiltzen diren teknika eta erabilpen garrantzitsuenak aztertuko ditugu.

Bioteknologia:

Bioteknologia zer den azaltzea zaila da, baina Paul Wymerrek emandako definizioaren arabera, bioteknologia zientziaren eta ingeniaritzaren printzipioen aplikazioa da, materia batzuk eragile biologikoen bidez aldatzeko prozesuetan, ondasunak eta zerbitzuak lortzeko.

Betidanik erabili izan dugu bioteknologia, adibidez ardoa, ogia, ozpina... egiterakoan, baina ez genekien zer gertatzen zen zehazki prozesu horietan. XIX. mendearen erdialdean, Pasteur zientzialariak hartzidurari buruzko ikerketak egiterakoan, konturatu ginen zer gertatzen zen produktu hauek ekoizterakoan eta orduan hasi ziren bioteknologiari buruzko benetako ikerkuntzak. XX. mendearen amaierako geneei eta oinarri molekularrei buruzko ezagutza berriek honen aurrerapenean lagundu zuten.

Bi prozesu bioteknologiko mota ezberdintzen ditugu: tradizionalak eta modernoak.

Prozesu bioteknologiko tradizionala, metabolismoaren eraginez gizakiarentzat substantzia erabilgarriak sortzeko gauza diren mikroorganismoak eskala handian haztean oinarritzen da. Hazkuntza hartzitzaileetan gertatzen da: energia lortzeko oxigenorik gabeko prozesu metabolikoak dira eta horietan produktu bezala gure eguneroko elikagaiak lortzen dira: ardoa, sagardoa, esnekiak...

Prozesu bioteknologiko modernoak: oraintsu garaturiko tekniken erabileran oinarritzen direnak, adibidez, ingeniaritza genetikoa.


Prozesu modernoak zehatzago aztertuko ditugu.

Zelulen hazkuntza:


Zelulak in vitro kontserbatzean eta horien propietate biokimikoak, fisiologikoak nahiz genetikoak aztertzean oinarritzen diren teknikak dira. Horretarako laborategietan zelula bat aztertzen da, normalean zelula ama bat, eta nola ugaltzen den, nola eta zein abiaduratan zatitzen den... ikusten da. Nahiz eta prozesu sinplea dirudien, erabilpen asko ditu: minbiziaren aurkako ikerketak egiteko (minbizia zelulen kontrolik gabeko zatiketa masiboa da), birusen aurkako txertoak sortzeko, klonazioari buruzko aurrerapenak lortzeko, ernalketan denok garen zelula bakar batetik pertsona bat izateraino gertatzen diren prozesuak azaltzeko edota zelula ama batetik abiatuta transplantatzeko prest dagoen organo oso bat lortzeko erabiltzen dira teknika hauek.


ADN birkonbinatzailea:

Artifizialki sortutako ADN molekula bat da, bi organismoren informazio genetikoak nahasterakoan eratzen dena. Praktika honen helburu nagusia da bien gauza onuragarriak molekula batean elkartzea eta gero ADN hori organismo batean sartzea bere funtzio biologikoak hobeto betetzeko.



Organismorik erabilienak bakterioak eta birusak dira, hauen ADN molekulak sinpleenak direlako. Horretarako, modifikatu nahi den organismoren ADNa ateratzen da, artifizialki lortutako gene zatia entzimen bidez txertatzen da honetan eta berriz zelularen nukleoan sartzen da. Praktika honek aplikazio ugari ditu eta oraindik ez dago guztiz garatuta.


Janari transgenikoak: genetikoki modifikatutako elikagaiak dira (normalean barazkiak edo animaliak) kanpoko faktoreei aurre egiteko. Aldaketa ezagunenak dira pestiziden aurkako inmunitatea garatzeko edota tenperatura aldaketei aurre egiteko barazkiak, eta masiboki hazitako animaliak, hauetatik haragi gehiago lortzeko. Nahiz eta alde positibo ugari izan, askoren ustez janari hauek ez dira osasunerako naturalak bezain onuragarriak eta hainbat talde ari dira hauen aurka lan egiten. 


Medikuntzan: ezagunenak diabetesarekin lotuta dauden praktikak dira. Gizakiok, berez, intsulina deitzen den proteina bat ekoizteko gai gara, eta proteina honen funtzioa odolean daukagun azukre kantitatea kontrolatzea da. Intsulina ekoizteko ezintasunari diabetesa deritzogu eta sufritzen duten pertsonek hartzen duten azukre kantitatea kontrolatu behar dute edota intsulina injektatu behar dute. Gaur egun, metodo bat garatzen ari da honi aurre egiteko. Birus bat hartzen da eta honi bere material genetikoa ateratzen zaio eta intsulina produzitzeko genea txertatzen zaio. Birus hau diabetikoa den pertsona baten barruan sartzen da eta birusa zeluletan erreplikatzen hasiko da. Modifikatutako informazio genetikoari esker birusek, gaixotasun bat garatu ordez, zelulen ADNa aldatuko dute eta intsulina produzitzeko gai izango dira. Prozesua irudietan ikus dezakegu:




Klonazioa:

Azkenik, polemika gehien sortu duen gaia aztertuko dugu. Klonazioa garatuta dauden organismo, zelula edo molekula baten kopia zehatzak modu asexual baten bidez lortzeari deritzogu. Klonazioak lortutako lehen arrakasta Dolly ardiaren kasua izan zen: ugaztun oso bat sortu zen zelula heldu batetik, eta ez enbrioi-zelula batean oinarrituta. Zalantzarik gabe, biologiaren eta genetikaren lorpenik garrantzisuena izan da historian zehar.

Dolly ardiaren klonazioa prozesu konplexu eta luzea izan zen. Lehenengo urratsa ardi baten zeluletatik material genetikoa, ADNa lortzea izan zen. Beste ardi baten obuluak ateratzea izan zen hurrengo urratsa eta honen ADNa ere obulutik atera zuten. Lehenengo ardiaren ADNa, bigarrenaren obulu hutsean txertatu eta "ernaldutako" obulua hirugarren ardi baten uteroan jarri zen. 5 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren, 1997ko otsailaren 23an, lehenengo ardiaren klon bat jaio zen, Dolly ardia. Esperimentu hau beste 230 aldiz errepikatu zen eta Dolly izan zen jaio zen bakarra, baina jaio eta urte bat geroago hil egin zen klonatutako ardia.

Gaur egun, klonazioaren aplikazio nagusiak medikuntza arlokoak dira, zelula ametatik abiatuta transplanteetarako organoak eta proteinak lortzeko. Etorkizunean uste da industriarako, abeltzaintzarako... aplikazioak lortuko direla baina oraindik garatu behar dira. Hala ere, aurrera joateko oztopo ugari duen praktika bat da, pertsona asko klonazioaren aurka daudelako. Etikoa al da pertsonak klonatzea? Bidezkoa al da izaki bizidunen bizitzarekin jokatzea esperimentuak egiteko? Azkenean, klonek gu bezalako bizitza dute. Zertarako erabiliko ziren lortutako klonak? Norbera aske da nahi duena pentsatzeko.

Bibliografia:

         Anaya Biologia 2. Batxilergoa liburua


Asier  ITURRATE
@Asieritu
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Ba al daude gu bizitzeko egokiak diren planetak?


Galdera hau askok eta askok egin diote euren buruari. Izan ere, nork ez du inoiz pentsatu zein izango den gure etorkizuna Lurrean bizitza ezinezkoa denean? Horretarako, zientzialariak gurearen antzeko baldintzak dituzten planetak bilatzen ari dira. Baina ez da batere erraza. Izan ere, planeta batek bizitzarako baldintzak betetzeko, bi oinarrizko bete behar ditu; planeta ez egotea bere izarretik ez gertuegi, ez urrunegi, eta bere lurrazalean ur likidoa egotea bizia posible izateko. Horri, bizikortasun eremua esaten zaio.

Gaur egun bizikortasun eremuan dauden hainbat planeta ezagutzen ditugu, eta hauek dira horietako batzuk:


     KEPLER-186f

Planeta honek Lurraren pareko tamaina dauka, eta gainera bere kokapenak bizia egoteko baldintzak betetzen ditu. Cygnus konstelazioan dago, gure planetatik 500 argi-urtetara. Orbitatzen duen izarra, berriz, gorri koloreduna da eta horrenbestez, Eguzkia baino txikiagoa.

Planetak bere izarraren erradiazioaren heren bat jasotzen du, Lurrak bezala. Honek, bizirako oinarrizko baldintza bat betetzen du. Bizikortasun eremuan dago, baina muga-mugan. Dena dela, hori ez da hain txarra, kontuan izanda bere izarra Eguzkia baino txikiagoa dela.

Baina planeta honen ezaugarri guzti-guztiak ez dira onak. Barclay zientzialariak, Kepler planetak ikertzen dituen taldeko zientzialari batek, dioenez: “Planeta hau Lurraren lehengusu bat da, ez anaia bat”. Oraindik ez dakite ezer haren atmosferari buruz. Hau da, kokaleku bizigarri batean egoteak ez du esan nahi bertan bizi gaitezkeenik.       


     GLIESE 581g

Bigarren planeta hau 2010eko irailaren 29an ikusi zuten lehen aldiz. Bere izarraren (Gliese 581) bizikortasun eremuan dago, hau da, Kepler-186f bezala; bere tenperatura ez da ez altuegia, ez baxuegia. Lurretik 20,3 argi urtetara, Libra konstelazioan dago. Bere grabitatea, berriz, Lurrarena baino 1,3 aldiz handiagoa da. Hasieran, planeta honen izatea zalantzan zegoen. Honen arrazoia bere orbita zirkularra izan beharrean eliptikoa dela da, eta hortaz ohartu zirenean analisi berri bat egin zuten ziurtatzeko.  

Datu berrien esanetan, planeta honen erradioa apenas da Lurrarena baino 1,5 aldiz handiagoa, eta Lurrak Eguzkitik jasotzen duen argi berbera jasoko luke bere izarrarengandik. Horrek, ESIren esanetan (Similarity to Earth rate), Gliese 581g Lurrari gehien hurbiltzen zaion exoplaneta bihurtzen du.



     KEPLER 62-f eta KEPLER 62-e   
Bi planeta hauek oso antzekoak dira eta biak bizikortasun eremuan egoteaz gain, Lurrarekiko antzekotasun handia dute (%82). Biak planeta harritsuak dira, eta Lurra baino 1,4 eta 1,6 aldiz handiagoak. Planeta hauek, haiek baino txikiagoak diren exoplaneta talde baten barruan daude, Lyra izeneko konstelazioan. Gure lurretik 1200 argi urtetara daude eta haien izarra, Kepler 62, izar nanoa da. Izar honek bost planeta ditu, baina hauek biak dira bizirako baldintzak betetzen dituzten bakarrak.
                                                                    Ezkerretik eskuinera: Kepler 69c, Kepler 62e, Kepler 62f, Lurra.

     HD 40307 g
Planeta hau Lurretik 42 argi urtetara dago, Pictor konstelazioan. Bere izarrak (HD 40307) izena ematen dio eta Eguzkiaren antzeko argitasuna du. HD 40307ri dagokionez, 7,09Mko masa eta 1,82Rko erradiokoa da gutxi gorabehera, eta arroka-burdinez eginda dago, Lurra bezala. Halaber, HARPS-N planetak bilatzeko sondak dio 6M baino masa handiagoa duten planetek haien lurrazalean gas kantitate handiak gordetzeko joera dutela, erraldoi gaseoso bihurtuz edota “neptuno nanoak”. Planeta honek muga gainditzen duenez, ez dakigu erraldoi gaseosoa ala lur erraldoi bat den. Bere batez besteko tenperatura -2,65 ºCkoa da. Izan ere, bizikortasun eremuaren erdialderantz egotean, ezin da ur likidoa egotea baztertu.             
Ondorio bat ateratzekotan, esan beharra daukat planeta hauek guztiak gu bidaiatu ezin gaitezkeen eremuetan daudela. Baina zientziak hain azkar hedatzen jarraitzen badu, batek daki, agian gure biloben biloben etorkizuna planeta hauetako batean dago!

Pilar FARIAS
DBHko 4. maila
Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du




2015(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

MODA AZKEN MENDEETAN

Definizio batekin hasi gintezkeen baina nire ustez gai honek ez dauka definizio zehatzik (hainbat egonda ere). Izan ere, librea da, pertsona bakoitzak bere ikuspegia dauka eta denoi ez dizkigu sentsazio berberak eragingo. Horregatik definizio asko daude, modak pertsona bakoitzarentzat gauza desberdina irudikatzen duelako.
Baina geroago ikusiko dugu moda ez dela izan librea betidanik. Izan ere, aurreko mendeetan, janzkera jendea zein klasetakoa zen definitzeko erabiltzen zen.
Hasieran erregeak eta nobleak hasi ziren joerak markatzen, nahiz eta beraiek konsziente ez izan egiten ari zirenarekin. Baina beraien nahiek besteengan eragina izan zuten.

XIV. mendea

Arropa bi taldetan zatituta zegoen: emakume eta gizon dirudunen arropa eta klase baxukoen arropa.
Gizonen arropan, hopa izan zen janzkera nabarmena. Luxuzkoa eta larruzkoa zen, manga luzea zuen eta belaunetaraino iristen zen. Mendearen erdialdean, aldiz, jaqueta jazten hasi ziren. Guk orain eramaten dugun jakaren antzeko bat zen.
Emakumeen janzkeran, saya nabarmendu zen. Eztarria agerian uzten zuen soinekoa. 
Klase baxuko pertsonak ez ziren modaren jarraitzaileak, izan ere, beraien lehentasuna janzteko zerbait izatea zen. Gehienetan arropak beraien lanetarako aproposak ziren

XV. mendea
Mende honetako arropak dotoreak, zuhurrak, linealak eta distiratsuak ziren. Humanistek imajinatutako munduan bizi ziren emakume eta gizonetara egokitzen ziren gehienbat.
Erregeen artean oso inportantea zen janzkera, beste herrialdeekin harremanak izateko orduan hartzen zuten inpresioarengatik. Urrez beteriko arropak eramaten zituzten.
Jendeak nobleziari kopiatzen zion janzkera; nobleziak aldiz, kanpotik etorritako moda hartzen zuen.

XVI. mendea
Errege eta nobleek luxua beren jantzietan ipini nahi izan zuten zeukaten boterea erakusteko; horrela, klase baxuko pertsonengandik bereizten ziren. Espainia izan zen nabarmendu zen gortea, arropak harribitxiz osatuta zeuden eta gaindiezinak ziren.
Felipe II.a tronura iristearekin batera, Espainiako moda ere aldi gorenera iritsi zen.
Emakumeek, XIV. mendean erabiltzen zuten arroparekin konparatzen baditugu, eztarria guztiz estalita zeramaten. Aurreko mendeetan baino luxu gehiago zuten arropek. Emakume bakoitzaren arropa ikusita, garai horietan zein klasetakoak ziren zehaztu genezake: apalak edo nobleak.
XVII. mendea

Emakume apalek gona luze eta leunak eramaten zituzten alkandora batekin konbinatuak.
Emakume nobleen artean aldiz, guardainfante izeneko jantzia erabiltzen zuten. Janzkera hau, hagatxoz, uztailez, sokaz eta baleaz osatutako egitura bat zen.
Gizonek kolore beltza eramaten zuten arropa gehienetan, kolore horrek seriotasuna adierazten zuelako.
XVIII. mendea

Mende honetan, emakume aristokraten artean, frantziar erakoa izeneko soinekoa modan jarri zen. Soineko hura hiru atalez osatuta zegoen:
  1. Aurrealdean irekita zegoen eta buztan gisa bukatzen zen.
  2. Gona.
  3. Pieza triangeluarra, soina estaltzen zuena.
Hau kenduta, emakumeek aurreko mendean bezala janzten jarraitu zuten, txapela gehigarri bezala ipiniz.
Maria Antonieta izan zen mende hartako erregina moda mailan.

XIX. mendea
Jendea, emakumeak gehienbat, mende erdialdetik aurrera, soinekoak bere gustuetara egokitzen hasi zen. Izan ere, josteko makina sortu zen.
Emakume espainiarren artean, sedazko mantelina eta peineta erabiltzen hasi ziren. Gainera, gona handien urrezko aroa izan zen. Gizonen artean, fraka, lebita eta galtzak izan ziren ohikoenak.

XX. mendea
Mende honetan modan gehien nabarmendu zen gunea Paris izan zen. Hasieratik hasi ziren disenatzaile famatuak bere sormena erabiltzen.
Ez dago mende osoan erabilitako janzkera zehatzik, izan ere, hamarkada bakoitzak bere moda dauka, eta ikuspegi desberdina eman zioten modari etapa bakoitzean. Gainera,  elementu gehiagoren laguntzaz baliatu ziren moda sortzeko. Disenatzaileak ugaritu egin dira denboran zehar.
Testu honetan zehar ikusi dugun bezala, modak hainbat fase izan ditu; orain janzten dugun arropa, etorkizunean guztiz desberdina izango da.


Andrea AYESTARÁN
@andrea_ayesta
DBHko 4 maila.
Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du