BEGI URDINEN JATORRIA
Nahiz eta munduko biztanleriaren %8k soilik begi urdinak izan, ohikoa da begi urdineko jaioberriak ikustea, denborarekin kolorea iluntzen delako, eta kontzeptu hori guztiz barneratuta daukagu. Ume bat jaiotzen den momentuan ez dago prest melanina askatzeko, eta melaninaren falta da berez kolore urdina ematen diona irisari, bai eta albinismoa sortzen duena, gure ilean, azalean eta begietan dagoelako. Baina melanina sortzen hasten denean, bere berezko itxura hartuko du begiak, eta kasu gutxitan mantenduko da urdin, anomalia bat delako, eta gizakiak begi marroiak izateko agindua duelako.
Gainera, berez, ez da ADNan existitzen pigmentu urdina definitzen duen
elementurik. Denok ditugu begi marroiak, edo horretarako kode genetikoa
behintzat, baina zenbat eta melanina gutxiago sortu, orduan eta argiagoak dira
begiak, kolore marroia sortzeko gaitasuna itzali balitz bezala.
Ikerketa asko egin dira gai honi buruz, biologikoki ez duelako zentzurik
begi urdinak izateak, eta badirudi begi urdinak dituzten pertsona orok arbaso
berdin bat dutela, duela 6000-10000 urte bizi izan zena, Itsaso Beltzetik
hurbil. Mendelen legeak azaltzen duen bezala, gen errezesiboa da hau, eta
mestizajeari esker iraun du, berez arraza kaukasikoaren ezaugarria zelako
soilik.
Espezifikoki esateko, OCA2 izeneko genea da aldaketa hauen guztien
erruduna. Begi urdineko lehen arbasoak mutazio bat jasan zuen OCA2an, eta
melanina falta zuelarik, begi urdinak historian lehen aldiz agertu ziren.
Mutazio hau ez da ez onuragarria ez kaltegarria, eta ezberdintasun bakarra
estetikoa da, ez funtzionala.
Baina nahiz eta gutxiengo izan ezaugarri hau duen pertsona taldea, begi berdeak
dituzten gizakiak askoz gutxiago dira. Mundu osoko biztanleriaren %2k soilik
dute begirada orlegia, eta Europan daude pertsona hauek gehienbat. Begi kolore
honen azalpena antzekoa da: ez dago pigmentu berderik irisean, melanina gradu
bat da bakarrik; ez dago marroiak izateko
adinako melaninarik, baina gabezia ez da urdinak izateko adinakoa.
Lehen esan bezala, proteina honen faltak albinismoa sor dezake, eta
aldaketa estetiko bat izan ordez, arazo mediko bat izan daiteke. Albinismoa
pertsona baten pigmentu falta da, ez begietan bakarrik, baizik eta
azalean, ilean, etab. Goitik behera txuriak dirudite pertsona hauek, begi
urdinekin, jakina, eta ondoretasun genetikoa da. Ikusmen arazoak edo itsutasuna
sortu ditzake, besteak beste.
Misterio asko daude gai honen inguruan, baina argi dagoena da lehentasun
sexuala dela. Erakargarria egiten zaigu begirada urdina, eta ikerketa baten
emaitzen arabera, %38rentzat begi urdinak dira erakargarrienak . Hori da
hainbeste hedatu izanaren arrazoia, gen ahula izatearen oztopoa gaindituz.
Baina begi urdinak, marroiak edo berdeak izan, ikusmena berdina da
denontzat, eta estetika hori da, estetika, eta ez dago ezer transzendenterik kolorean, denak baitira
politak.
Andrea DE MIGUEL ESPINACO
BIBLIOGRAFIA
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina