2018(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea



TELOMERASA: HILEZKORTASUNA ETA MINBIZIA

Azken urteotako zientzian biologiaren barnean garrantzi handia duen gaia da genetika. Zenbat eta DNAri buruzko aurkikuntza gehiago egin, orduan eta jakin-min handiagoa sortzen zaie zientzialariei, izaki bizidunon kode genetikoaren misterioak osorik argitzeak utopia hutsa ematen duelarik.


Geneek, hau da, DNAren unitateek, gure gorputzeko ezaugarriak baldintzatzen dituzte: begien kolorea, altuera, jaiotzez izango ditugun gaixotasun kronikoak, bizitzan zehar beste batzuk garatzeko izango ditugun aukerak… Informazio kantitate izugarri hori organismo bateko zelula guzti-guztietan dago. Hau horrela izan dadin, DNAren kopiak egin behar ditugu etengabe. Zelula bat ugaltzeko orduan prozesu bat gertatu behar da nahitaez: DNAren erreplikazioa. Honen bidez, jatorrizko zelularen informazio genetikoaren kopia berdin-berdina egiten da… edo ia berdina.



DNA helize bikoitza eratzen duten bi nukleotido katez osatuta dago. Honen kopia egiteko, helizea deskiribildu eta kate bakoitza kopiatzen da. Prozesu hau aurrera eramaten duten entzimen ezaugarrien ondorioz, kate horietako bat jarraian kopiatzen da, baina bestea zatika. Azken hau erreplikatzen duen entzimak oinarri bat behar du katearen amaieran bere lana egin ahal izateko; DNAren hurrengo zatia, hain zuzen ere. Horregatik, amaierara iristean, arazo bat aurkitzen du: oinarririk ez duela.

Ezbehar honek konponbide erraza dauka: azkeneko zatitxo bat kopiatu gabe uztea, eta hau da gure zelulek etengabe egiten dutena. Honek, noski, ondorioak ditu. Zelula bat bikoizten den bakoitzean informazio pixka bat galtzen da hurrengo belaunaldirako. Bikoizketa batean ezberdintasuna ia hutsala da, baina gizakia bizi den 80 urte inguruetan zehar aldaketak dezente handiak dira. Aurkeztutako hau da, hain zuzen ere, zahartzearen arrazoia.

Honekin loturiko ikerketa bati eman zioten Medikuntzako Nobel saria 2009 urtean. Bi emakumek, Elizabeth Blackburnek eta Carol Greiderrek frogatu zuten bezala, azaldutako hau gertatuko ez balitz ez litzateke zahartzerik gertatuko. Haiek aurkitu zuten telomerasa entzima, bai eta hainbat esperimentu egin ere. Espainian ere egin dira honi buruzko ikerketak. Horietako batean, arratoiei telomerasa dosi bat emanda haien bizitza %40 luzatu zitekeela frogatu zen.



Hau jakitean galdera sorta interesgarria sortzen da. Ba al dago entzima hau gizakiengan? Zergatik ez dugu erabiltzen? Hilezkortasunera irits gaitezke? Bada, bai, gure organismoak telomerasa sortzen du, baita erabili ere, baina fetu garaian bakarrik. Jaiotzean, gorputzak telomerasaren jarduera geldiarazten du, arrazoi sinple batengatik: minbizia ekiditeko.



Nobel saria lortu zuen aipatutako ikerketak argi eta garbi frogatu zuen tumore zelulak telomerasa aktibatzeko gai direla eta honetaz baliatzen direla hilezkor bihurtzeko. Honek bikoizteko, bizirauteko eta gaixotasuna hedatzeko gaitasun mugagabea ematen die. Minbiziaren erantzule diren zelula hauetako %95 inguruk egiten du hau, eta laborategian telomerasa kendu zaienean azkar hiltzen direla frogatu da.


Honen inguruan atera ditzakegun ondorioak asko dira. Alde batetik, gure bizitza izugarri hobetu lezakeen zerbaitek gaur egun hain larria den gaixotasun bat sortzen duela ulertzea zaila dirudi. Beste aldetik, nahiko aurreratuta daude honi buruzko ikerketak, eta minbiziaren sendabiderako pausu garrantzitsu bat eman dugula esan daiteke. Gainera, nahiz eta gaur egun zientzia-fikzioa iruditu, batek daki hemendik urte batzuetara telomerasaren eta zahartzea ekiditearen arloan zer nolako aurkikuntzak egingo ditugun.

Mario Astigarraga Espeita
@MarioAsti8


Bibliografia:

Muy Interesante aldizkariko artikulua:
Khan Academy:
María Blascorekin elkarrizketa, El País egunkarian:
El Mundo egunkariko artikulua:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina