Unibertsoaren sorrera eta amaiera
Unibertsoaren sorrerari buruzko
teoria asko daude, bata bestea baino harrigarriagoa eta sinestezinagoa. Halere,
teoriarik onartuena Big Bangaren (Eztanda Handia) teoria da. Izan ere, XXI.
mendeko teknologiarekin erraz frogatu dezakegu teoria hau dela fidagarriena.
Baina, ezin ditugu beste teoriak baztertu; Big Banga okerra izan daiteke, eta
beste teoria hauetako bat, zuzena.
Edwin
Hubble astronomo estatubatuarrak (1889-1953) eman zion bizitza teoria honi,
unibertsoa etengabe zabaltzen ari dela ikustean. Galaxia guztiak
guregandik urruntzen zirela ikusi zuen. Izan ere, galaxia guztiak ari dira
beraien artean separatzen. Nola jakin zuen Edwinek hau? Ba, instrumentu
bereziak erabiliz, galaxia guztiak kolore gorrixka zutela konturatu zen.
Doppler efektuak dionez, objektu bat hurbiltzean, urdinxka ikusten da (gizakion
begiak ez du hautematen, baina teleskopio eta beste instrumentu batzuk bai),
eta urruntzean, gorrixka.
Hau jakinda, Hubblek ondorio
interesgarria atera zuen: galaxiak elkarren artean urruntzen ari badira,
denboran atzera eginez, elkartuz joango lirateke, eta, azkenean, guztiak puntu
txiki berdin batean izango genituzke.
Eta hau da Big Bangaren teoriak
esaten duena, hasieran, dena puntu mikroskopiko berdinean zegoela. Unibertsoko
materia eta energia guztia, atomo bat baino txikiagoa den leku batean.
Momenturen batean, duela 13.700
milioi urte, “eztanda” egin zuen. Gaur egungo ezagutzekin, unibertsoak segundo
frakzio bat zuenetik gertatutakoa jakin dezakegu. Unibertsoaren hasieratik
(orduan hasten da denbora (t); t=0 bezala ezagutzen da), une horretara
bitartean gertatutakoaz ez dakigu ezer. Segur aski, hasierako materia puntu
horrek ez zuen eztanda egin; azkar-azkar puztu zela uste da. Honi singularitate
deritzo.
Dakigun lehenengoa segundo baten
bilioirenaren bilioirenaren bilioirenaren hamar milioiren bat eta gero
pasatakoa da. Orduan, grabitatea agertu zen. Jarraian, elektromagnetismoa eta
indar nuklearrak eratu ziren. Apur bat geroago, unibertsoa
10.000.000.000.000.000.000.000.000 aldiz handiagoa zen, hau da, 100.000 milioi argi
urteko diametroa zuen.
Unibertsoaren lehen segundo eta
minutuetan, presioa eta tenperatura izugarriak ziren. Hainbeste energiarekin,
etengabe sortzen ziren materia partikulak eta antimateria partikulak
(antipartikulak partikulak bezalakoak dira, baina kontrako kargarekin.
Adibidez, protoi (+) baten antipartikula antiprotoi (-) bat izango da.). Hau
da, erlatibitateak dion bezala, energia kantitate bat masa sortzeko erabili
zen. Baina, materiak eta antimateriak, elkartzean, batak bestea suntsitzen
zuen, argia sortuz.
Unibertsoa handitzen zihoan
heinean, dentsitatea eta beroa galdu zuen. Honen erruz, jada ez zen materia eta
antimateriarik sortzen. Dagoeneko bazeuden partikula eta antipartikulak elkar
suntsituz jarraitu zuen. Bien arteko guda honetan berdintasuna egon beharko
luke, baina ez zen horrela izan. 10.000.000.000 partikula talde bakoitzak
10.000.000.000 antipartikula talde bakoitzarekin talka egin ondoren, partikula
bat atera zen “bizirik”. Eskerrak, partikula garaile horretaz gaudelako
osatuta, bai eta gainerako guztia ere. Bariogenesia bezala ezagututako prozesu
honen amaieran, galaxiak sortzeko behar bezainbeste partikulaz eta argiz
(partikulen eta antipartikulen arteko elkarketetan sortua) beteriko unibertso
bat aurki genezakeen.
Unibertsoak 3-20 minutu
zituenean, bertako egoerak, esan bezala, muturrekoak ziren. Dagoeneko,
partikula gutxi horiek elkartu ziren, lehen hidrogeno atomoak sortua. Hidrogeno
guzti hau fusionatzen zen, helioa sortuz, unibertso osoa izar handi bat izango
balitz bezala. Minutu gutxitan, unibertsoko materiaren %25 helio (eta beste
elementu pisutsuago batzuk) bihurtu zen; unibertsoko materiaren %75 hidrogenoa
zen. Gaur egun, izarrek antzeko osaera dute, baina elementu pisutsuagoak sor
ditzakete. Horrela, Lurra bezalako planetak eta bizia sor daitezke. Aipatutako
prozesu honi nukleosintesia deritzo.
Halere, sortutako atomo hauek ez
zuten asko irauten. Unibertsoko tenperatura altuek nukleoak eta elektroiak
separatzen zituzten. Argiak etengabe jotzen zuen kargadun partikula hauen
kontra, eta honek unibertso ilun bat ekarrarazi zuen. Baina, 380.000 urte igaro
ondoren, unibertsoa hoztu egin zen, eta partikulek abiadura moteldu. Orduan,
nukleoak eta elektroiak elkartu ziren, behin betirako atomoak sortuz. Orain,
argiak ez zituen partikula kargatu solteak aurkitzen, eta unibertsoa argiz bete
zen. Honi materiaren eta argiaren arteko banaketa esaten zaio.
Argi hau egon baino lehenago ez
zen ezer ikusten. Beraz, behatu dezakegun unibertsorik gazteenak 380.000 urte
izango ditu, orduan ateratzen delako lehen aldiz argia.
Lehen izarren jaiotza unibertsoak
400 milioi urte zituenean gertatu zen. Materia-argi banaketaren eta momentu
honen arteko garaiari Aro Ilun deritzo. Izena ez da oso egokia, izan ere, ikusi
dugun bezala, unibertsoa argiz beteta zegoen. Baina, astrorik ez egotean,
argiak ez zuen ezeren kontra talka egiten, beraz, ezin da garai honetako ezer
ikusi. Unibertsoa ez zen iluna, baina gardena zen.
Bitartean, grabitateak bere lana
egiten zuen. Aurretik sortutako materia ez zegoen modu homogeneoan banatuta.
Horrela izan balitz, grabitateak indar berdinarekin tirako zuen alde
guztietatik, beraz, ezin izango ziren astro handiagoak sortu. Baina, unibertsoa
ez zen guztiz homogeneoa. Homogeneotasun falta hauek handituz joan ziren
grabitatearen eraginez, lehen izarrak sortuz. Hauek taldetan elkartuz joan
ziren, gaur egungo egitura lortu arte.
Hau da unibertsoaren sorrerari
buruz dakiguna. Unibertsoaren amaierari buruz gutxiago dakigu. Teoria
onartuenak hiru aukera aurkezten ditu:
1. Unibertsoaren
zabaltze abiadura oso motela baldin bada, grabitateak gelditu egiten du, eta
prozesua kontrako norabidean gertarazten du. Hau da, unibertsoa txikitzen
joango da, dena puntu txiki-txiki batean kolapsatu arte. Hau Big Crunch bezala
ezagutzen da.
2. Unibertsoaren
zabaltze abiadura oso azkarra baldin bada, grabitateak ezin du geldiarazi;
unibertsoa betirako egongo da zabaltzen. Astro bakoitza besteengandik asko
urrunduko da, eta gero atomo bakoitza besteengandik askatuko du. Azkenean,
milaka argi urtez separatutako partikula multzo hotz bat izango da unibertsoa.
3. Zabaltze
abiadura tartekoa bada, berriz ere, unibertsoa betirako egongo da zabaltzen.
Halere, gero eta abiadura motelagoan egingo du, baina inoiz ez da nuloa
bihurtuko.
Gure unibertsoa hauetako zein den
jakiteko, materia kantitateri begiratu behar zaio. Ikerlarien
ustez, gure
unibertsoa 2. motatakoa da.
Unibertsoaren sorrera eta amaierari buruz teoria polit
ugari daude. Batzuen ustez, unibertsoa oszilatzailea da. Zabaltzen doa, eta,
puntu goren batera iristean, txikitzen doa. Gero, berriz hasten da prozesua.
Interesgarriena txikitzen denekoa da. Prozesuaren zati honetan, denbora
alderantziz doa; ondorioak efektuak baino lehen gertatzen dira, etab. Beste
batzuen ustez, gure unibertsoa beste handiago bateko partikula txiki bat baino
ez da, eta hau hurrengo baten partikula bat… Baina alderantziz era bai: gure
unibertsoko partikula bakoitza, unibertso oso bat da. Gu unibertso txiki askoz
osaturik gaude, orduan.
Antzinatik, gizakiak beti jakin
izan nahi du unibertsoaren sorrerari buruz. Kultura bakoitzak bere
interpretazioa egiten du, askotan erlijioari lotutakoa. Niretzat
interesgarriena hinduismoak egiten duena da.
Hinduistek denbora eskala asko
dituzte, eta batzuk egungo eskala astronomikoekin bat egiten dute. Egun eta gau
normalez gain, Brahmaren eguna eta gaua dituzte. Bakoitzak 8.640 milioi urte
irauten du, hau da, Eguzki Sistemaren adina baino gehiago, eta ia-ia
unibertsoaren adinaren erdia.
Beraien ustez, unibertsoa ez da
jainko baten ametsa baino. Amets jainkotiar honek 100 Brahma urte irauten du
(hau da, 36.500 Brahma egun), eta, gero, jainko hori esnatzen da. Aldi berean,
unibertsoa desagertzen da. Baina, beste Brahma mende bat igaro ondoren, jainkoa
berriro lokartzen da, eta unibertsoa berriz ere sortzen da. Ziklo hau betirako
errepikatzen da…
Guzti honi buruz teoria eta
kontakizun asko daude, baina egi hutsa gogorra eta latza da: inork ez daki,
ziurtasun guztiz, noiz eta nola sortu den unibertsoa, eta are gutxiago nola amaituko
den! Halere, ikertzen jarraitu behar da. Misterio honen erantzuna lortzeak
gizadiaren galdera bat erantzungo du behin betirako: nondik dator unibertsoa?
Eneko LEKAROZ
DBHko 2. maila
Sarrera honek 1. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina