2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

 GARAI GOGORRA ESPAINIARENTZAT
1939 – 1975

Denok ezagutzen dugu, edo entzun dugu zerbait behintzat Francoren diktaduraren bihozgabekeriari buruz. Nor sartu da Espainiaren bihotzeraino Franco bezain gogor? Lehenik eta behin, botere guztiak bereganatu, estatuko buru bihurtu eta armada guztia kontrolpean izan zuen. Hortaz, historian zehar garatuz joan zen eta ia berrogei urte iraun zuen diktadura frankista jasan behar izan zuten gure aiton-amonek eta gurasoek.

Diktaduraren aurreko egoera  (1937 - 1939)

Gerra Zibilaren amaieran (1937), Franco ekialdeko fronterantz abiatu zen, errepublikarren lurraldeak zatituz. Egoerari aurre egiteko, errepublikarrek armada frankistaren atzeraguardia eraso zuten. Orduan, Ebro ibaiko gudu odoltsua gertatu zen eta horren ondorioz, errepublikarren armada suntsituta geratu zen.

Errepublikaren porrotarekin, nazionalek Bartzelona hartu, Madrilen sartu eta gerra amaitutzat jo zuten.

Gerra Zibilaren ondorioak negargarriak izan ziren, ia milioi erdi hildako izateaz aparte, herritar asko erbestera joan behar izan ziren Espainian zegoen egoeratik ihes eginez.

Hain ondo ezagutzen dugun herrialdea guztiz hondatuta geratu zen.
                  
Argazki honetan ikusten dugu nola geratu zen Gernika guztiz suntsituta Hitlerrek botatako bonben ondorioz, Francok agindua eman ostean; populazio zibilaren aurkako ikarazko bonbardaketak. Hauen helburuak Hitlerrek bonbekin frogak egitea eta Francok bere erregimenaren aurka zihoazen biztanleak hiltzea ziren.

Diktaduraren ezaugarriak

Francoren diktadurak hainbeste irautea ez zen kasualitate bat izan. Ezarritako errepresio gogorra eta izandako laguntzek zerikusirik badute.

Botere guztiak bereganatu ostean, buruzagi eztabaidaezina zen Franco, eta ezizen hauekin ezagutzen zuten: Espainiako Kaudilloa eta Armaden Generalisimoa.

Hauek izan ziren Francoren diktaduraren ezaugarrietako batzuk:

    Espainiak askatasuna guztiz galdu zuen, alderdi politiko bakarra onartuz: FET y de las JONS,  errepublikaren aurkako indarrak hartzen zituena. Honekin, adierazpen nazionalista ere debekatu zuen, Katalunia eta Euskadiko autonomia-estatutuak indargabetuz. Honela, herritar guztiak kontrolpean zituen.

    Gainera, Gerra Zibilean laguntza eman zioten gizarte-sektoreak babestu zituen diktadurak, haien egoera sendotuz eta botere handia eskuratuz. Armada, eliza katolikoa eta lur-jabeak edo enpresaburuak izan ziren frankismotik etekin bat atera zuten goi-mailako klaseak.

    Errepresioa ere lagungarria izan zen Francok ezarritako diktadurarako. Honek errepublikarrengan izan zuen eragina batez ere: atxiloketak, torturak, kartzelaratzea eta exekuzioak.

    Horretaz aparte, gaztelania ez ziren hizkuntza guztiak debekatu egin ziren. Baita argitalpenak eta filmak zentsuratu ere.

    Azkenik, sinbolo faxistak ere ezarri zituen; hala nola, erromatarren erako agurra.
                                               

                                                                Frankisten agurra

Faxismo eta miseria urteak  (1939 – 1945)

Frankismoko lehenengo urteak gogorrenak izan ziren, Franco erregimen faxista ezartzen ahalegindu baitzen, Italiaren antzekoa.

1941ean, Dibisio Urdina izeneko soldadu boluntarioen ejerzitoa sortu zuen, Alemanian Hitlerri laguntza emateko. Baina, aliatuen garaipenak zirela-eta, Francok Espainia gatazkatik aldentzea erabaki zuen. 
                                                                                                 Franco Hitlerrekin
Gainera, autarkiaren (herrialdea autosufiziente bihurtzeko ahaleginaren) porrota zela eta, Espainiako ekonomia ez zen biztanleen beharrak asetzeko gai izan, egoera kezkagarria zen.

Gauzak horrela zeudela, gero eta hiritar gutxiago zeuden, eta biztanle ugari beren herrietara itzuli behar izan ziren. Espainia nekazari-herrialde bihurtuz.

Erregimenaren sendotasuna  (1945 – 1959)

Bigarren mundu gerra amaitzean (1945), garaileak (aliatuak) frankismoa desegiten saiatu ziren. Horretarako, nazioartean diktadura bakarrik uztea erabaki zuten eta Espainia ez zen NBEn onartua izan.

Hala ere, egoera aldatu egin zen Gerra Hotzarekin. AEBk frankismoa antikomunistatzat hartu zuen, eta horrela bere aliatua bihurtu zuen. Frantziako muga berriro ireki zen eta NBEn onartua izan zen.

Baina nazioarteko egoera berriaren ondorioz, Francok aldaketak egin behar izan zituen gobernuan:

    Erregimeneko alderdi faxistenak ezabatu.

    Erromatar moduko agurrak nahitaezkoa izateari utzi zion.

    FET y de las JONS Mugimendu Nazional bihurtu.

    Sistema politikoa demokraziatzat hartu. Nahiz eta diktadura gogorrak iraun.


Zorionez, 50eko hamarkadan, ekonomia pixkanaka hazi egin zen, Opus Dei izeneko talde katolikoak ekonomia garatzeko irizpideak ezarri zituen, eta horrela, teknokrata deitzen zitzaien. Egonkortze-plan bat prestatu eta ordutik aurrera, Espainiako ekonomia inguruko herrialdeen sistema kapitalistara hurbildu zen.


60ko hamarkadako aldaketak

Hamarkada berri honetan, ekonomia nabarmen hazi zen Espainian, baita gizartea modernizatu ere. Hala ere, zoritxarrez berdintasunik eta demokraziarik gabe jarraitzen zuen.

Ekonomia-hazkundeak, bi oinarri nagusi izan zituen:

    Industriak %7 baino gehiago handitu egin zuen bere ekoizpena.

    Turismoa bihurtu zen Espainako jarduera ekonomiko garrantzitsuenetariko bat.

Hala ere, ekonomia-hazkunde hori, desorekatua izan zen. Aldaketa ekonomikoaz gain, aldaketa demografikoa ere nabarmendu zen.

    Biztanleria izugarri hazi zen, baby boom deritzon fenomenoaren eta heriotza-tasa txikitzearen ondorioz.

    Espainia herrialde hiritarra bihurtu zen berriro.

Garai gogorren amaiera

60ko hamarkadako ekonomia-hazkundearekin batera, frankismoaren aurkako mugimenduak nagusitu ziren. Alderdi Komunistak nazioan diktaduraren aurka zeuden alderdi guztiak batu zituen. Horrez gain, oposizio berriak ere sortu ziren: auzo-mugimendu bat, ikasleen mugimenduak, Langile Komisioak...

Aldi berean, mugimendu terroristak abiatu ziren ere, indarkeria erabiltzen zutenak: GRAPO, FRAP eta ETA. Hauek, 60ko hamarkadan hasi ziren atentatuak egiten.

Gehitu epigrafea
Oposizioarekin batera, erregimenaren azken urteetako krisia ailegatu zen.

    1973. urtean, petrolioaren krisia, enpresen itxiera eta langabezia berarekin ekarriz.

    Krisia zela-eta, gizartean haserrea nagusitu zen, grebak nabarmenduz.

    Horrez gain, erregimenaren krisi politikoa ari zen gertatzen, Francoren osasuna okerrerantz zihoan aldian. Hortaz, estatu buruaren oinordeko izendatu zuen Juan Carlos Borboikoa, eta geroago, Luis Carrero Blanco jarri zuen gobernuko buru. Baina, ETAk azken hau hil egin zuen.

Hainbat arazo zirela-eta, Franco errepresioa erabiltzen hasi zen, batez ere ETAko eta FRAPeko kideetan.

Horrekin batera, Saharak independentzia aldarrikatu zuen, frankismoaren krisi-egoera aprobetxatuz, Martxa Berdearen bidez.


Egoera gatazkatsu horretan hil zen Franco, 1975eko azaroaren 20an.


Diktaduraren ondorioak

Azken urteetan izandako ekonomia-hazkundeak guztiz aldatu zuen Espainiako gizartea. Industriak indarra hartu arren, alde handiak zeuden oraindik goi eta behe-mailako biztanleen artean. Bizitza-maila hobetu bazen ere, zerbitzu publikoak urriak ziren oraindik eta kultura-maila oso apala zen. Honek ekonomia-hazkundea geldiarazten zuen.


Hauek, garai gogorrak izan ziren, batez ere Espainiako behe-mailako biztanleentzako. Francoren diktadura sakon aztertu ondoren esan dezaket badakidala XX. mendeko espainiarrek sentitutako sufrimendua. Azkenik, espero dezakegun bakarra garai hauek berriz ez errepikatzea da, ez Espainian ez beste herrialde batean. Mundua zaindu beharra dugu, hainbat pertsonak okertu nahi izan badute ere, Franco ahalegindu zen bezala.


SARRERA HONEK 1. #KULTURAZIENTIFIKOA JAIALDIAN PARTE HARTZEN DU



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina