2015(e)ko martxoaren 20(a), ostirala

BIOTEKNOLOGIA


Bioteknologia, zalantzarik gabe, azken hamarkadotan aurrekuntzarik ikusgarriena izan duen biologiaren adarra da. Lasterketa honetan, Giza Genoma Proiektuak eginkizun garrantzitsua eta funtsezkoa izan du; izan ere, zientziaren eta teknologiaren arloan orain arte lorturiko aurrekuntzarik handiena izan da. Nahiz eta ingeniaritza genetiko eta bioteknologia hitzek mesfidantza, arriskua eta beldurra eragin pertsona batzuen artean, gizarteak itxaropen asko ditu hauen garapenean jarrita. Arlo hauetan erabiltzen diren teknika eta erabilpen garrantzitsuenak aztertuko ditugu.

Bioteknologia:

Bioteknologia zer den azaltzea zaila da, baina Paul Wymerrek emandako definizioaren arabera, bioteknologia zientziaren eta ingeniaritzaren printzipioen aplikazioa da, materia batzuk eragile biologikoen bidez aldatzeko prozesuetan, ondasunak eta zerbitzuak lortzeko.

Betidanik erabili izan dugu bioteknologia, adibidez ardoa, ogia, ozpina... egiterakoan, baina ez genekien zer gertatzen zen zehazki prozesu horietan. XIX. mendearen erdialdean, Pasteur zientzialariak hartzidurari buruzko ikerketak egiterakoan, konturatu ginen zer gertatzen zen produktu hauek ekoizterakoan eta orduan hasi ziren bioteknologiari buruzko benetako ikerkuntzak. XX. mendearen amaierako geneei eta oinarri molekularrei buruzko ezagutza berriek honen aurrerapenean lagundu zuten.

Bi prozesu bioteknologiko mota ezberdintzen ditugu: tradizionalak eta modernoak.

Prozesu bioteknologiko tradizionala, metabolismoaren eraginez gizakiarentzat substantzia erabilgarriak sortzeko gauza diren mikroorganismoak eskala handian haztean oinarritzen da. Hazkuntza hartzitzaileetan gertatzen da: energia lortzeko oxigenorik gabeko prozesu metabolikoak dira eta horietan produktu bezala gure eguneroko elikagaiak lortzen dira: ardoa, sagardoa, esnekiak...

Prozesu bioteknologiko modernoak: oraintsu garaturiko tekniken erabileran oinarritzen direnak, adibidez, ingeniaritza genetikoa.


Prozesu modernoak zehatzago aztertuko ditugu.

Zelulen hazkuntza:


Zelulak in vitro kontserbatzean eta horien propietate biokimikoak, fisiologikoak nahiz genetikoak aztertzean oinarritzen diren teknikak dira. Horretarako laborategietan zelula bat aztertzen da, normalean zelula ama bat, eta nola ugaltzen den, nola eta zein abiaduratan zatitzen den... ikusten da. Nahiz eta prozesu sinplea dirudien, erabilpen asko ditu: minbiziaren aurkako ikerketak egiteko (minbizia zelulen kontrolik gabeko zatiketa masiboa da), birusen aurkako txertoak sortzeko, klonazioari buruzko aurrerapenak lortzeko, ernalketan denok garen zelula bakar batetik pertsona bat izateraino gertatzen diren prozesuak azaltzeko edota zelula ama batetik abiatuta transplantatzeko prest dagoen organo oso bat lortzeko erabiltzen dira teknika hauek.


ADN birkonbinatzailea:

Artifizialki sortutako ADN molekula bat da, bi organismoren informazio genetikoak nahasterakoan eratzen dena. Praktika honen helburu nagusia da bien gauza onuragarriak molekula batean elkartzea eta gero ADN hori organismo batean sartzea bere funtzio biologikoak hobeto betetzeko.



Organismorik erabilienak bakterioak eta birusak dira, hauen ADN molekulak sinpleenak direlako. Horretarako, modifikatu nahi den organismoren ADNa ateratzen da, artifizialki lortutako gene zatia entzimen bidez txertatzen da honetan eta berriz zelularen nukleoan sartzen da. Praktika honek aplikazio ugari ditu eta oraindik ez dago guztiz garatuta.


Janari transgenikoak: genetikoki modifikatutako elikagaiak dira (normalean barazkiak edo animaliak) kanpoko faktoreei aurre egiteko. Aldaketa ezagunenak dira pestiziden aurkako inmunitatea garatzeko edota tenperatura aldaketei aurre egiteko barazkiak, eta masiboki hazitako animaliak, hauetatik haragi gehiago lortzeko. Nahiz eta alde positibo ugari izan, askoren ustez janari hauek ez dira osasunerako naturalak bezain onuragarriak eta hainbat talde ari dira hauen aurka lan egiten. 


Medikuntzan: ezagunenak diabetesarekin lotuta dauden praktikak dira. Gizakiok, berez, intsulina deitzen den proteina bat ekoizteko gai gara, eta proteina honen funtzioa odolean daukagun azukre kantitatea kontrolatzea da. Intsulina ekoizteko ezintasunari diabetesa deritzogu eta sufritzen duten pertsonek hartzen duten azukre kantitatea kontrolatu behar dute edota intsulina injektatu behar dute. Gaur egun, metodo bat garatzen ari da honi aurre egiteko. Birus bat hartzen da eta honi bere material genetikoa ateratzen zaio eta intsulina produzitzeko genea txertatzen zaio. Birus hau diabetikoa den pertsona baten barruan sartzen da eta birusa zeluletan erreplikatzen hasiko da. Modifikatutako informazio genetikoari esker birusek, gaixotasun bat garatu ordez, zelulen ADNa aldatuko dute eta intsulina produzitzeko gai izango dira. Prozesua irudietan ikus dezakegu:




Klonazioa:

Azkenik, polemika gehien sortu duen gaia aztertuko dugu. Klonazioa garatuta dauden organismo, zelula edo molekula baten kopia zehatzak modu asexual baten bidez lortzeari deritzogu. Klonazioak lortutako lehen arrakasta Dolly ardiaren kasua izan zen: ugaztun oso bat sortu zen zelula heldu batetik, eta ez enbrioi-zelula batean oinarrituta. Zalantzarik gabe, biologiaren eta genetikaren lorpenik garrantzisuena izan da historian zehar.

Dolly ardiaren klonazioa prozesu konplexu eta luzea izan zen. Lehenengo urratsa ardi baten zeluletatik material genetikoa, ADNa lortzea izan zen. Beste ardi baten obuluak ateratzea izan zen hurrengo urratsa eta honen ADNa ere obulutik atera zuten. Lehenengo ardiaren ADNa, bigarrenaren obulu hutsean txertatu eta "ernaldutako" obulua hirugarren ardi baten uteroan jarri zen. 5 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren, 1997ko otsailaren 23an, lehenengo ardiaren klon bat jaio zen, Dolly ardia. Esperimentu hau beste 230 aldiz errepikatu zen eta Dolly izan zen jaio zen bakarra, baina jaio eta urte bat geroago hil egin zen klonatutako ardia.

Gaur egun, klonazioaren aplikazio nagusiak medikuntza arlokoak dira, zelula ametatik abiatuta transplanteetarako organoak eta proteinak lortzeko. Etorkizunean uste da industriarako, abeltzaintzarako... aplikazioak lortuko direla baina oraindik garatu behar dira. Hala ere, aurrera joateko oztopo ugari duen praktika bat da, pertsona asko klonazioaren aurka daudelako. Etikoa al da pertsonak klonatzea? Bidezkoa al da izaki bizidunen bizitzarekin jokatzea esperimentuak egiteko? Azkenean, klonek gu bezalako bizitza dute. Zertarako erabiliko ziren lortutako klonak? Norbera aske da nahi duena pentsatzeko.

Bibliografia:

         Anaya Biologia 2. Batxilergoa liburua


Asier  ITURRATE
@Asieritu
Batxilergoko 2. maila

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina